«Herritarrei babesa emango dieten politika publikoak garatzeko unea da»
Irungo EH Bilduk COVID 19aren pandemiak eragindako egoeraren gaineko irakurketa egin berri du. Politika publikoen beharraz aritu dira taldeko kideak.
COVID 19aren pandemiak eragindako egoeraren gaineko irakurketa egin berri du Irungo EH Bilduk. Hedabideei bidalitako oharrean, gaitzak eguneroko bizitza eta ohiturak baldintzatu dituela argudiatu dute, eta behar berriak sortu dituela, «aurretik zeudenak areagotzeaz gain». Horregatik, politika publikoen aldeko apustuaren garrantziaz aritu dira EH Bilduko kideak.
Larrialdi egoera hasi zenetik behar horiei erantzun egokiena emateko lanean aritu direla diote, eta horretarako, etengabeko harremana izan dutela udal gobernuarekin eta oposizioko alderdi guztiekin. «Gure proposamenak aurkeztu ditugu eta sortutako behar eta arazoen gaineko jarraipena egin dugu». Udalaren zerbitzu eta kontratuekin bitartekaritza lanak egin dituztela diote, sindikatu eta langileekin hitz eginez. Gainera, azkenaldian taldeak egindako zenbait proposamen gogoratu dituzte, hala nola, larunbateko azoka berriz martxan jartzea, hezkuntzan bitartekoak ez dituztenek ordenagailuak banatzea eta konexioa bermatzea, merkatari txikiei eta eragile kulturalei laguntzeko proposamenak edota boluntarioen poltsaren egitasmoa.
Proposamenetatik harago, zenbait gairen jarraipen zuzena ere egin dutela argudiatu dute. «Ongizate arloarekin zuzeneko harremana izan dugu eta ondo kudeatuak ez zeuden kasuei behar bezalako erantzuna ematea lortu dugu, Zubia eta Martindozenea dispositiboen jarraipena egin dugu, beharrezkoa izan den kasua ABEE-a eskatu duten enpresen jarraipena egin dugu, elkarbizitza arazoen jarraipena egin dugu eta Artiako ezkien auzian bitartekaritza lana egin dugu», gehitu dute. Era berean, Irun Aurrera talka planean ere parte hartu zutela gogoratu dute, «EH Bildu alkatetzan dagoen udaletan hartutako hainbat neurri jasotzen direlarik».
Amaitzeko, aldundiaren jarrera salatu nahi izan dute EH Bilduko kideek, «aldebakarrez eta inolako negoziaziorik gabe» Udalen Diru Funtsari %20ko murrizketa ezartzeko erabakia hartu baitu. «EH Bildutik argi adierazi nahi dugu herritarrei babesa emango dieten politika publikoak garatzeko unea dela eta horretarako beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar direla».