Etxez etxeko langileei eta udaltzainei testak egiteko exijitu du ELAk
Eudelek orain dela hiru aste iragarri zituen "test masiboak" egiteke daudela dio sindikatuak; "larritzat" jo du bi hilabete eta erdiren ondoren "lehen lerroan dauden langileei testik egin ez izana".
Etxez etxeko langileei, udaltzainei edota lan presentziala egin duten udal beharginei koronabirusaren testa egitea galdegin dio ELA sindikatuak Hondarribiko eta Irungo udalei komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. Eudelek orain dela hiru aste iragarritako “test masiboak” egin ditzala exijitu du sindikatuak, eta “larritzat” jo du bi hilabete eta erdi igaro ondoren “lehen lerroan dauden langileei testik egin ez izana”.
Sindikatuak zabaldutako informazioaren arabera, “positiboki” hartu zuten Eudelek egindako iragarpena, eta bi udelei zein Eudeleri egindako eskaeren ondorio gisa jo zuten neurria. Hiru asteren ondoren, hala ere, oraindik ez dela urratsik egin deitoratu dute. Hori dela eta, etxez etxeko langileei, udaltzainei eta lan presentziala egin duten beharginei COVID-19 testak egitea eskatu du sindikatuak.