Herri Kanta jaialdia abuztuan egiteko proposamena luzatu du Abotsanitzek
Herri Kanta 3.0 izenpeko proposamenaren arabera, "jaialdia hiru eszenatokietan burutuko litzateke aldi berean, eta talde guztiek hiruetan abestuko lukete".
COVID-19 gaitzak eragindako izurriak hil honetarako aurreikusitako Herri Kanta jaialdia aurrera eramatea eragotzi duen arren, egoerara egokitutako proposamena plazaratu du gaur Abotsanitzek. Herri Kanta 3.0 bezala izendatu du jaialdia, eta Alde Zaharrean kokatutako hiru eszenatokietan egitea planteatu du, abuztuaren erdialdean edo bukaeran. Talde guztiak hiru agertokietan abestea da gakoa, “horrela, jaialdia jarraitu nahi duten guztiek izango lukete horretarako aukera”.
Jaialdia, beraz, “hiru eszenatokietan burutuko litzateke aldi berean, eta talde guztiek hiruetan abestuko lukete”. Gipuzkoa plaza, Arma plazaneta Kasino Zaharra dira horretarako aukeratutako lokalizazioak, eta Eudelek argitaratutako gomendioak jarraituz, ondoko neurriak hartu beharko lirateke bertan: “Segurtasun neurrien araberako entzule kopurua ezarriko litzateke, aulkien artean bi metroko tartea utzita. Abesbatzek ere distantzia hori zaindu beharko dute. Gainera, osasun gomendioei buruzko seinaleak jarriko lirateke, eta ezinbestekoa izango da musukoak (maskarak) erabiltzea”.
Herri Kanta 3.0 jaialdia Abotsanitzek egindako hemezortzigarren proposamena da. Kulturak tokiko ekonomia berpizteko gaitasuna duela iritzita, proposamen sorta aurkeztu du Abotsanitzek udalean gainontzeko taldeen artean eztabaidatua izan dadin. Apirila bukaeran aurkeztu zuen Abotsanitzek lehen proposamena, eta gaur arratsaldean jaso du Kultura departamentuarekin bilera egitearen aldeko baiezko erantzuna.