Patxi Ruiz euskal presoaren aldeko keinu ugari Irunen
Euskal preso nafarraren aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo berriro, astean laugarrenez. Era berean, Erlaitzeko 16 kidek 48 orduko baraualdia egin dute; horietako bederatzik gaur bukatuko dute.
Patxi Ruiz euskal presoren aldeko keinuek ez dute etenik Irunen. Ostiralean astebetean hirugarrenez elkarretaratu ziren herritarrak San Juan plazan, eta atzo ere mobilizazio berbera errepikatu zuten hamarka irundarrek. Ostiralean aldiz, 48 orduko baraualdia hasi zuten Erlaitz gazte mugimenduko zazpi kidek, eta larunbatean berriz, beste bederatzi kide batu ziren aldarrikapenera (gaur 13:00etan amaituko dute baraualdia).
Joan den maiatzaren 11n hasi zuen protesta Ruizek. Ordutik, gose eta egarri greba egin du nafarrak. Halere, ostiralean egarri greba utzi zuela iragarri zuen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Murtzia II. espetxean koronabirusaren krisiaz egiten ari diren kudeaketagatik hasi zuen protesta nafarrak. Gaur hamabosgarren eguna du greban Ruizek.