Patxi Ruiz euskal presoaren alde elkarretaratzera deitu dute bihar
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gose greban dagoen Iruñeko presoaren alde mobilizatzera deitu du bihar San Pedro kalean, 19:00etan.
Patxi Ruiz euskal presoaren alde elkarretaratzera deitu du biharko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. San Pedro kalean finkatu dute horretarako hitzordua, 19:00etan. Abotsanitzen Udal Taldeak mobilizazioarekin bat egingo duela jakinarazi du.
Hilaren 11n ekin zion Ruizek gose eta egarri grebari Murtzia II (Espainia) espetxean koronabirusaren krisia kudeatzen ari diren modua salatzeko helburuarekin. Iragan ostegunean, hilak 21, auto judizial baten aginduz ospitalera lekualdatu zuten euskal presoa, eta egarri greba bertan behera uztea erabaki zuen. BERRIA-k zabaldu duenez, “egin dizkioten osasun azterketen emaitzak kontuan hartuta, egonkor dago Patxi Ruiz presoa, «betiere larritasunaren barruan»”. Hamabosgarren eguna beteko du gaur Ruizek gose greban.