Hondartza, berriz ere, erabilgarri
Zenbait neurri errespetatuz, baina, bainatzera, eguzkia hartzera edota kirola egitera joan daitezke gaurtik aurrera herritarrak hondartzara, halere, denboraldi ofiziala ez dela oraindik hasi gogoratu du alkateak.
Bigarren fasean sartzearekin batera jaso dute herritarrek hondartzara berriz ere joateko baimena. Hala eta guztiz ere, zenbait neurri errespetatzea derrigorrezkoa dela gogorarazi du Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak atzo plazaratutako bandoaren bitartez. Hortaz, kirola soilik banaka egin daitekeela, gehienez hamabost lagunek osatutako taldeak elkartu ahal izango direla, eta bi metroko segurtasun tarteak mantendu ezin badira maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela gogorarazi nahi izan die alkateak hondarribiarrei eta bisitariei.
Denboraldi ofiziala oraindik ez dela hasi ere izan du hizpide Sagarzazuk, eta beraz, hondartzak ez dituela momentuz zerbitzu guztiak eskaintzen argitu du. Horrez gain, agintaritza ezberdinekin zein neurri mota hartu beharko diren ere aztertzen ari dela udala erantsi du agintariak: “Gaurtik adierazten dut uda honetan hondartzaren erabilera ezin izango dela inola ere orain arte egin izan dugun berbera izan”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaritzak bilerara deitu ditu gaur hondartzak dituzten udalerrietako arduradunak denboraldiari begira zein neurri hartuko den zehazteko.