Herri Batzordea osatzeko lehen urratsa egin du Euskaraldiak
Astelehenerako deitu du lehen bilera, eta herriko euskalgintza arloko eragileak, norbanako euskaltzaleak eta hizkuntzarekiko ardura duten bestelako entitateak parte hartzera gonbidatu ditu.
Bidean da Euskaraldiaren bigarren ekitaldia, eta hori garatu ahal izateko ezinbestekoa den Herri Batzordea osatzera deitu dute egitasmoaren bultzatzaileek. Hala aurkeztu dute gaur goizean Hondarribiko Udaleko Euskara departamentuko zinegotzi Maria Serranok eta Hondarribiko Euskaraldiaren dinamizatzaile Aritz Enparanek.
Herriko euskalgintza arloko eragileak, norbanako euskaltzaleak eta hizkuntzarekiko ardura duten bestelako entitateak Herri Batzordean izena ematera animatu ditu Enparanek. Ondoko esteka eta posta elektronikoa martxan jarri dituzte horretarako, eta batzordea osatzeko lehen bilera astelehenerako antolatu dute bideo dei bidez, 18:30ean.
Hainbat izango dira Herri Batzordearen zereginak, Enparanek azaldu duenez, horien artean: ekimena herrira egokitu; herrirako plangintza propioa landu eta gauzatu; ekimena aurrera eramateko baliabideak definitu eta lortu; batzordetik entitate eta euskaltzale gehiago inplikatu; Euskaraldian parte hartuko dutenentzat motibazio eta formazio saioak aurreikusi eta antolatu… “Batzorde honek emango dio forma herrian Euskaraldiari, oinarria hartu eta beharren araberako lehetasunak finkatuko baititu”, erantsi du.
Berritasunak
Euskaraz gehiagorekin eta gehiagotan egin nahi dugu lelopean, Maria Serranok eta Aritz Enparanek nabarmendu dutenez, aurtengo berritasunetako bat Euskaraldiaren iraupena izango da, ariketa soziala luzeagoa izango delako. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra gauzatuko da aurten egitasmoa, hamabost egunez hain zuzen, eta ez hamaika egunez aurreko ekitaldian bezala.
Horrez gain, Ariguneak (euskaraz lasai aritzeko guneak), martxan jarriko ditu Euskaraldiak. Entitateek sortuko dituzte Arigune horiek, eta kanpo eta barne egitura izango dute. Enparanek azaldutakoaren arabera, lehenak, kanpotik herritarrak jasotzen dituzten entitateei dagokie, eta horiekin jarraitutako komunikazio dinamikari egiten dio erreferentzia, eta bigarrenak, entitate barruan sortzen diren harremanen ondorioz modu kolektiboan parte hartzeari dagokio. “Ezin dugu ahaztu herritarrak izango direla erdigunean daudenak”, gehitu du dinamizatzaileak, eta beraz, “hor sortuko dela Euskaraldiaren eremu nagusia”.
Hortaz, estres linguistikorik ez izatea, euskaraz egitea ohikoa bihurtzea, babesa, lasaitasuna eta erosotasuna sentitzea, eta talde izaera indartzea dira Arigunearen helburu nagusiak.