Behobiako pasabidea irekitzeko eskatu dio Santanok Espainiako Barne ministroari
Joan den astean Irun eta Hendaiako alkateek egindako eskaerarekin lotutako bi idatzi bidali dizkio Santanok Grande-Marlaska ministroari. Hiriko zein Bidasoko herritarrek ekonomia, gizarte eta mugikortasun arloetan dituzten zailtasunen berri eman du.
Aurreko astean, Irun zein Hendaiako alkateek (Jose Antonio Santano eta Kotte Ecenarro) Behobiako nazioarteko zubiko pasabidea irekitzeko eskaera luzatu zioten Espainiako eta Frantziako gobernuei, muga itxi zenetik herritarrek jasandako auto ilara eta arazoei irtenbide bat bilatzeko asmoz. Bi gobernuei mugaz gaindiko egoerarekin «sentikorrak izan daitezela» eskatu zieten.
Bada, gaur, Irungo alkateak jakinarazi du beste bi idatzi bidali dizkiola Espainiako Gobernuko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskari. Idatzi horietan, hiriko zein Bidasoko herritarrek ekonomia, gizarte eta mugikortasun arloetan dituzten zailtasunen berri eman du Santanok, eta eskaera zuzena bidali du: Behobia berriz ere irekitzea. «Ministroak badu egoeraren berri. Badakit ez dela erraza, baina Irunen eguneroko bizitzako zailtasunak helarazi nahi nizkion, zuzen-zuzenean: mugaldeko hiria da Irun, eta mugarik gabe bizitzen ohituta dago, baina, orain, muga kalte izugarriak eragiten ari da hainbat herritarren artean ekonomia, gizarte eta mugikortasun arloan», adierazi du Santanok.