Alberto Acero oroigarria eta EH4 lehiaketaren beste jardunaldi bat jokatu du Marlaxkak
Hainbat izan dira asteburuko deialdiak Marlaxkarentzat: Sestaoko Opena, Alberto Acero oroigarri "hunkigarria", eta EH4 txapelketa. Lichess jardunaldia, bestalde, arazo teknikoengatik bertan behera utzi behar izan zuten.
Arazo teknikoak medio Lichess jardunaldia jokatu ezin izan zuten arren, etenik gabeko asteburua bizi dute, beste behin, Hondarribiko Marlaxka Xake Klubeko jokalariek. Herenegun, larunbatarekin, Alberto Acero oroigarrian lehiatu ziren hondarribiarrak; eta atzo, bestalde, ohikoa bihurtzen ari den EH4 txapelketaren beste jardunaldi batean murgildu ziren. Horrez gain, klubeko zenbait jokalarik Sestaoko (Bizkaia) Open suitzar eran jokatutako lehiaketan parte hartu dute.
Lehenik eta behin, larunbateko jardunaldia izan dute hizpide Marlaxkako kideek, eta Alberto Aceroren (Palentzia, Espainia) figurari egindako omenaldia “hunkigarria” izan zela onartu dute. Frantziar defentsa sisteman oinarritutako oroigarria izan zen larunbatekoa.
EH4 lehiaketan, bestalde, Gasteizko Martintxo Xake Taldea, Santurtzi Xake Taldea (Bizkaia), Oberena (Iruña) eta Marlaxka aritu ziren hasieran, baina horiez gain, Marmorejoko (Jaen, Espainia) Dama Morena taldea, Salou Chess Club (Herrialde Katalanak), Pielagoseko (Kantabria, Espainia) xake taldea, Grup d’Escacs Valls d’Andorra taldea, Israelgo Jeruchess eta Argentinako Ajedrez Villa Mercedes ere lehiatu ziren azkenean. Guztien artean, Pirinioetako Grup d’Escacs Valls d’Andorra taldea gailendu da azken jardunaldian.