Egiluze ikastetxeko Sorbete taldearen 'Ezekiel' lana saritu du Galtzagorri elkarteak
2019-2020 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketaren DBH1-2 kategorian gailendu dira hondarribiarrak; Jasone Osororen 'Ezekiel' nobelan oinarritutako bideoa da saritutakoa.
Egiluze Hijas de la Cruz ikastetxeko Sorbete taldearen Ezekiel trailerra saritu du Galtzagorri elkarteak. 2019-2020 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketaren DBH1-2 kategorian jaso dute saria ikasle hondarribiarrek, Jasone Osoro idazlearen Ezekiel (Elkar, 2009) nobelan oinarrituta aurkeztutako bideoarengatik.
Epaimahaiak erabakitakoaren arabera, “trailer saltseroa, gertukoa eta zirikatzailea izateagatik garailea izatea merezi duen trailerra da. Hasiera eta bukaera, bereziki esanguratsuak, batak istorioan erraz kokatzen gaituelako; eta besteak intrigaz beteta uzten gaituelako. Liburuaren hari narratibotik tiraka, gidoi zinematografikoa egiteko abilidadea erakutsi dute. Musika eta irudien erritmoa bat dator kontakizunarekin”.
Tabakaleran egitekoa zen sari banaketa bideokonferentzia bidez burutu behar izan du Galtzagorri elkarteak egoerak hala behartuta. Idoia Noble itzultzaile, interprete eta aurkezlea arduratu da saioa gidatzeaz, eta denera, bost sari banatzea egokitu zaio. 30 ikastetxek parte hartu dute lehiaketan, iaz baino bost gehiagok: Gipuzkoako 26 ikastetxe, eta Araba eta Bizkaiko bina. Guztira, 3.765 ikasle inguru lehiatu dira aurten, iaz baino 600 gehiago, eta 217 book trailer aurkeztu dituzte txapelketara.
Ondokoa da Sorbete taldearen Ezekiel trailerra.