Papereko edizioa berritzeko iritziak bildu nahi ditu HITZA-k
Harpidedunek eta irakurleek euren ikuspegiaren berri eman dezaten galdetegia egin du hedabideak. HITZA-ren asmoa da 2021eko urtarrilean papereko edizio berritua argitaratzen hastea
Hurrengo urteari begira, OARSO BIDASOKO HITZA-k beharrezko ikusi du papereko astekariaren formatu aldaketa bat egitea. Egun lantzen ditugun edukiez gain, gai berriak lantzea eta aldi berean diseinu aldetik itxura erakargarriagoa izango duen astekaria egitea da asmoa. Izan ere, gogoeta prozesu baten ondorioa honakoa izan da: egun HITZA-ren papereko edizioaren itxura garai berrietara moldatu beharra dago. Itxura aldaketaren prozesua baliatuz, edukiei ere garrantzia eman nahi zaie, horien gaineko gogoeta ere abiatuz.
Berrikuntza prozesu hau aurrera eraman dadin, benetan garrantzitsua iruditzen zaio hedabideari egungo harpidedunen eta irakurleen iritziak biltzea. Baina baita Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetako biztanle direnen ideia, gomendio zein aholkuak jakitea ere, ondorio aberasgarriagoak ateratzeko. Aldaketarako bidea herritarren parte hartzearekin egin behar dela ulertzen du hedabideak, eta horretarako hainbat bide jarriko ditu.
Garai honetako komunikazio erronka berriei aurre egin nahi diegu, irakurleen behar eta nahietara egokituz, betiere orain arte nabarmendu gaituen eta gure identitatearen isla diren ezaugarriak mantenduz: Oarsoaldeko (Errenteria-Orereta, Pasaia, Oiartzun eta Lezo) eta Bidasoko (Hondarribia eta Irun) herrietan tokian tokiko informazioa lantzea, euskaraz, era independente eta pluralean.
Galdetegia
2021eko urtarriletik HITZAkide harpidedunek astekari berritua jaso dezaten ari da lanean Oarso Bidasoko euskarazko hedabidearen zuzendaritza eta lantaldea. Baina esana den moduan, herritarren iritzia jaso nahi du. Hori dela eta, galdetegia prestatu du hedabideak, eta hori erantzutea eskertuko luke komunikabideak; bertan dago adierazita nola helarazi iritzi horiek.
Gainera, galdetegi hori Internet bidez ere bete daiteke, HITZA-ren Bidasoko eta Oarsoaldeko atarietan sartuz, eta handik galdetegirako propio sortutako atalera jauzi eginez.
Galdetegia betetzen dutenek iPad baten eta beste hainbat sariren zozketa batean parte hartuko dute.