[Erreportajea] Piztu ez zen gerraren hormigoizko itzala
Itxialdiak iraun bitartean ondare historiko eta kulturala zabaltzeko hainbat gonbidapen luzatu ditu Arma Plaza fundazioak; azkena, Hondarribiko historia hurbilaren pasarteetako bat: 245 Erresistentzia Gunea.
Historiaren pasarteak ezagutarazteko xedearekin eta itxialdia arintzeko asmoz, 245 Erresistentzia Gunea bisitatzeko gonbidapen birtuala luzatu du Arma Plaza fundazioak. Guadalupeko gotorlekua eta herriko eskulturak birtualki bisitatu ondoren, bunker multzoa hobeto ezagutzeko parada eskaini nahi izan du Arma Plazak.
Bidasoa ibaia zeharkatuko lukeen edozein armadari aurre egitea zen 245 Erresistentzia Gunea osatzen duten 50 bunkerren helburua. Juan Antonio Saez ikerlari eta Arma Plaza fundazioko kolaboratzaileak azaldu duenez, hasiera batean Francoren aurkako erresistentziako kideak edo makiak geldiarazteko eraiki zutela esan zuten, «baina erresistentziak gehienez arma arinak eskura zitzakeen». Bunkerretako batzuk, ordea, gerra-gurdiei aurre egiteko prestatu zituzten: «Hortaz, Francok edozein motatako inbasioa egon zitekeela uste zuen, aliatuak, alemanak…».
Pirinioetako defentsa lerroaren (P lerroa) parte da Guadalupen kokatutako 245 Erresistentzia Gunea. 10.000 bunkerretik gora osatzen dute Hondarribitik Gironaraino (Herrialde Katalanak) luzatzen den fortifikazio militarra, baina ez da bakarra: «50 bunker horiek P lerroa osatzen dute, baina horrez gain, Vallespin fortifikazioa, Irun eta Hondarribiko tankeen aurkako sektorea, edota Higer lurmuturreko defentsa ere aurki daitezke eskualdean, nahiz eta azken hori ezberdina den». Itsasontzien lehorreratzea ekiditera bideratuta dago Higerreko bunker multzoa.
Orotariko funtzioak
Guadalupeko P lerroko bunkerrek hainbat funtzio betetzeko helburua zuten. Batzuk, metrailadoreak, metrailadore-fusilak, morteroak eta gerra-gurdien aurkako kanoiak ezartzeko prestatu ziren; beste batzuk, ordea, soldaduentzako babesleku eta behatoki gisa. Antolamendu horren gainetik, halere, P lerroa ez zela inoiz borrokarako erabili nabarmendu du ikerlariak: «Sekula ez zen armamenturik ezarri bertan».
Begien bistan dena baino fortifikazio «konplikatuagoa» dela iritzi dio Saezek: «Ikusten duguna arma garrantzitsuak ezarriko diren lekuak dira». Izan ere, hasierako plangintzaren arabera, bunker guztiak lubakien bitartez konektatuko zituzten, eta fortifikazio osoa alanbre-hesiekin babestuko zuten borrokan sartuz gero. Areago, hainbat kilometro koadroko gunea «minekin babestea» pentsatu zuen Francok.
Defentsa gunea, gainera, «sakonean» eraiki zutela eta «ez lerroan» zehaztu du adituak. «Lerroa haustean tropek barrura egin dezakete, fortifikazioa sakontasunean eraiki denean, ordea, bunkerrek defentsa gunearen barnealdera begira tiro egin dezakete», azaldu du. Bunkerrek elkarri babesa emateko aukera zuten modu honetan, eta hori da eraikuntzaren gakoa harentzat: «Gure kasuan muga babesteko eraiki zen arren, fortifikazio osoa defendatzeko aukera zuten».
Eraikuntza lanei dagokienez, errepresaliatutako langilerik gabe aurrera eraman zituztela lanak argitu du adituak. «1945-1946 urte artean eraiki zuten P lerroa Hondarribian, eta garai hartan jada ez zen existitzen langileen unitate militarrik», zehaztu du. Jaizkibelgo errepidea edota Gaintxurizketako bunkerrek osatutako Vallespin fortifikazioa, berriz, errepresaliatuek eraiki zutela zehaztu du.
Kanoikadei ezin eutsi
Bunkerra eraikitzeko unean erabilitako teknika ere izan du hizpide Saezek. 245 Erresistentzia Gunearen kasuan lur berdinketa bunkerraren azaleraren tamaina baino «zertxobait handiagoa» zela azaldu du: «Ondoren egurrarekin osatzen zuten kofratua, altzairuzko hagak jarri, eta hormigoia botatzen zuten azkenik. Bunker hauen hormek ez dute metro bateko lodiera gainditzen». Hori guztia kontuan hartuta, arma luzeen sua jasan dezaketela, eta ez ordea kanoikada bat, argitu du adituak.
Aire-behaketa ekiditeko eraikitzen ziren bunkerrak, eta belarra eta landareak kokatzen zituzten gainealdean, «airetik ikus zitekeen borobil txuria estaltzeko asmoz». 245 Erresistentzia Gunean, gainera, kanoi-zuloak lurrez erdiraino estali zituzten, eta sarrera, bat edo bi kasuaren arabera, adreiluz itxi zituzten. «Oso zaila zen bunkerrak ikustea. Soldaduak iristen zirenean kanoi-zuloak desestali eta sarrerako adreiluzko trenkada hautsi behar zuten barrualdera sartu ahal izateko», esplikatu du.
Bunkerrak gerrarako inoiz erabili ez ziren arren, 1980ra arte militarren aldiroko ikuskapenak jasan zituztela dio Saezek. Gaur egun, aldiz, ez dira jabetza militarraren parte dagoeneko. Azaldutakoaren arabera, militarrei galdetu, eta haien jabetza gisa ez zirela existitzen erantzun zuten. «Horrek esan nahi du garai batean baimenik gabeko okupazio bat egon zela, bunkerrak eraiki eta inor ez zela ausartu ezer esatera».
Bunkerrak norbanakoek bisitatzea arriskutsua izan daitekeela gogorarazi du Saezek, eta beraz, birtualki egitera gonbidatu ditu herritarrak.