[Erreportajea] 5.000 urteko paseoa
Konfinamendu garaiko paseo batean azken urteotako aurkikuntzarik handiena egin du Iñigo Txintxurreta irundarrak: hiriko lehen trikuharria.

Konfinamendu egun eta aste luzeak ederki probestu dituzte megalitoen katalogazio eta prospekzio lanetan aritzen diren Hilharriak taldeko kideek. Izan ere, azken urteotan hiriak ikusi duen aurkikuntzarik handiena egiteko gai izan dira kalera irteteko ordutegi murriztuan; milaka urteko bidaia egin dute Olaberria auzoan, bertan aurkitu berri duten trikuharriari esker.
Espainiako Gobernuak agindutako ordutegiaren barruan, hiria eta ingurua miatu eta orain arte itzalean egon diren arrasto bila aritu da Iñigo Txintxurreta irundarra. Eta paseo horietako batean, hilaren 8an zehazki,egin zuen topo milaka urteko dolmenarekin. «Ezohikoa izan da aurkikuntza, sorpresa ederra, orain arte horrelako monumentuak Irunen erabat desagertu zirela uste genuelako», kontatu du, pozik. «Orain arte hirian aurkitu den bakarra» dela nabarmendu du Txintxurretak, beraz, Irungo lehen megalitoa kontsidera daitekeela azaldu du.
Lehena aurkitzea ezustekoa izan bada, trikuharriaren egoerak ere asko harritu du irundarra, elementuak nahiko garbi aurkitu baititu bertan: «Egitura oso ongi kontserbatu da, primeran mantendu da orokorrean». Ehiza postu baten azpian aurkitu du, lur eremu pribatu batean. Ezaugarriei dagokionez, tumulua hareharriz osaturik dagoela azaldu du, eta 14 metroko diametroa duela. Altuera, berriz, 1,20koa da. Erdialdean lau harlauza ikus daitezke, eta irundarrak nabarmendu duenez, «oso nabarmena» da tumulua inguratzen duen perisaltoa. 25 lekuko inguruk osatzen dute.
Olaberriako trikuharriaren ezaugarri horiek azken hamarkadetan Hondarribian, Oiartzun eta inguruko udalerrietan aurkitutako trikuharrien berberak dira. «Irunen orain arte erromatarren arrastoak izan dira nagusi, baina honekin aurreikusi dezakegu Irunen ere Euskal Herriko ohitura berberak zituztela orain dela 5.000 urte. Ziur lotura izango zutela Oiartzun edo Jaizkibelgo bailarakoekin».
Udalerritik gertu aurki daiteke trikuharria, Burkalleku mendiaren iparraldean hain zuzen ere, hiritik kilometro erdi ingurura. «Pinudi batean dago. Autoz ezin da haraino iritsi, oinez bai».
Ikertzeko bidean
Dagoeneko Aranzadi Zientzia Elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri dira Hilharriak elkarteko kideak. Haien esku utziko dute trikuharria beharrezkoak diren indusketa lan guztiak egiteko. Haiek zehaztuko dute noizkoa den, baina halere, lehen ondorio bat ateratzeko aukera izan du Txintxurretak. «Hezurrak edo errautsak aurkitzen badira esan daiteke monumentuak zehatz zenbat urte dituen. Baina trikuharria izanik, beti lotzen dira neolitoko brontze garaiarekin. Beraz, orain dela 5.000 urte ingurukoa dela esango nuke».
Aranzadiko ikerlariak lanean hasi bitarte, trikuharria bere horretan utziko dute, eremua babestuz, noski. Gerora, ikerketen ostean, seinaleztapena jartzeko asmoa du megalitoen katalogazio eta prospekzio lanetan diharduen taldeak, bisitatzeko gune berri bat izango da.
Lehena izan da, baina ez azkena, hori argi dute Hilharriak taldekoek. Urte mordoa eman dituzte Euskal Herriko megalitoen bila, eta azken aurkikuntzak animatu ditu Irun eta inguruko bailaratan miatze lanekin jarraitzera. «Ziur asko garai batean gehiago egongo ziren, baina Irungoak desagertzen joan dira, kontuan hartuta zonalde hau nahiko kaltetua izan dela meategien garaitik. Baina hala ere, ziur oraindik gertu asko ditugula ezkutuan, sasien artean galdurik», gehitu du Txintxurretak.