[Erreportajea] 46 urtez gorriz tindatutako urak
Indar polizialek eraildako Roke Xabier Mendez Villada eta Jose Luis Mondragon Elortza gazteen heriotzaren urteurrenean, hilketa argitzeko aldarrikatu du beste behin Asturiaga 1974 taldeak.
Maiatzak 20 orain dela 46 urte. Bi gazte tiroz erailtzen dituzte Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Hondarribiko Asturiaga edo Fraideen hondartzan. Hirugarren gizon bat, infiltratua, bizirik ateratzen da. Roke Xabier Mendez Villada Poeta eta Jose Luis Mondragon Elortza Moriko iheslariak dira hildakoak, 21 urteko santurtziarra eta 27 urteko arrasatearra, hurrenez hurren.
1974. urtea zen, eta Francoren diktadurak bizirik jarraitzen zuen. Carrero Blanco hilabete batzuk lehenago hil zuen ETAk, eta giro politikoa nahasia zen. Xabi Bengoetxea Asturiaga 1974 memoria taldeko kidea da, eta testuingurua baloratuta ziurtzat jo du polizia «amorratuta» zegoela garai hartan.
Txosten ofiziala da gertatutakoa argitzeko erabili den oinarri bakarra. «Ezin da kontrastatu ez dagoelako informazio gehiagorik», dio Bengoetxeak. Are gehiago: «Garaiko prentsa irakurrita, prentsa frankista noski, ez dago informazio nahikorik txostenean agertzen dena kontrastatu ahal izateko. Denek errepikatzen dute zehatz-mehatz polizia txostenean esaten dena».
Zer dio, baina, zehatz-mehatz txosten ofizialak? Jose Luis Arrondo Cocoliso infiltratuak mugaz bestaldetik Hondarribira eraman zituela Moriko eta Poeta zodiak batean, «bahiketa» bat egin behar zutela eta. Fraideen hondartzara iristean, ordea, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila zain zituzten, eta iheslariak geldiarazi eta inguratu zituztenean hasi zen tiroketa. Emaitza zein izan zen argi dago: «Infiltratua bizirik atera zen baina bi gazteek heriotza aurkitu zuten».
Osatzeke dagoen puzzlea
Garai ilunak izan ziren haiek politikoki eta sozialki, eta Asturiagako segada testuinguru horretan kokatzea ezinbestekoa iritzi dio Bengoetxeak. Poeta eta Moriko Ipar Euskal Herrian erbesteratuak zeuden, eta politikoki «aktiboak» ziren arren, ETAtik at zeuden momentu hartan. Poetaren kasuan, gainera, emaztea zazpi hilabetez haurdun zegoela zehaztu du taldekideak. «Emazteari esan zion ez zuela muga pasako», erantsi du. Testuingurua kontuan hartuta Poetak ez zuela «halako arriskurik hartuko» ziur agertu da Bengoetxea: «Infiltratuak engainatuta ekarri zituztela hona uste dugu».
Eusko Jaurlaritzak 2016ko azaroan argitaratutako Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri txostenak Hondarribian izandako indarkeria kasuak, 1960 eta 2010 urteen artean, jasotzen ditu, tartean Poeta eta Morikorenak. Txostenak dioenez, bi iheslariek talde armatua utzi zuten ekintza autonomo bat egiteko asmoz. Hala ere, «argibide urriak eta bertsio desberdinak» dituen gertaera dela adierazten du. Bengoetxeak ere hala baieztatu du. «Familiak eskaera egin du indar polizialen biktima bezala aitortua izan dadin, baina erantzun zaiona da ez dela nahikoa datu jakiteko benetan gertatu zena». Daturik ez izateak erreparazioaren bidea ukatu die senideei.
Zentzu horretan, Poetaren alaba biktima gisa aitortza jasotzeko lanean ari dela azaldu du, eta Ferrolgo artxibategi militarrean informazioa lortu du dagoeneko. Etorkizunean errekonozimendua jasotzeko itxaropena agertu du Bengoetxeak: «Justiziarik ez da egongo, baina egia jakin nahi dugu, nahiz eta egiak frankismoarekin eta amnistiarekin batera alde egin zuen».
Biharko antolatu du Asturiaga 1974 taldeak omenaldia
Moriko eta Poeta iheslariak omentzeko ekitaldia antolatu du Asturiaga 1974 memoria taldeak biharko. Hori bai, izurri egoerara egokitutako deialdia izango da aurtengoa.
09:00etan kai berrian elkartzera deitu du taldeak, bi metroko segurtasun distantziak mantenduz une oro. Handik abiatuta Asturiagara doan kostako bidea hartuko dute bidegurutzeraino, ilaran gelditu eta banan-banan jaitsiko dira parte hartzaileak.
Segurtasun Sailak baimena ukatuko balu, taldearen Facebook orrialdean zabalduko lukete omenaldirako ezezkoa.