Astelehenean bigarren fasean sartuko da Bidasoa. Zer egin daiteke?
Astelehenean bigarren fasean sartuko da Bidasoa. Zer egin daiteke? Albiste honetan egin daitezkeen hainbat jardueraren zerrenda.
Espainiako Osasun Ministerioak gaur erabaki du Hegoaldeko lau probintziek (Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Bizkaia) osasun larrialdi egoeratik irteten joateko bigarren fasera joateko baldintzak betetzen dituztela. Beraz, bigarren faseari dagozkion onurak izango dituzte Hondarribiko eta Irungo biztanleek astelehenetik, baldin eta beheko zerrendan dauden datuak (Espainiako Osasun Ministerioaren irizpide orokorrak dira) ez ditu aldatzen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.
Beraz, astelehenean Bidasoan abiatuko den bigarren fasean, honakoak dira arau orokorrak:
- Taberna eta jatetxeek euren lokaletako ateak zabaldu ahalko dituzte, mahaietako zerbitzua emateko, gehienezko aforoa %40koa izango delarik, eta betiere mahaien arteko bi metroko distantzia mantenduz. Jaurlaritzaren asmoa da edukiera hori %50era igotzea. Barrako zerbitzurik ez da egongo, beti mahaietara zerbitzatuko da.
- Denden aforoa %40ra zabalduko da.
- Kalean kirola egiteko edo paseoak emateko ez da ordutegirik egongo. Haurrek ere nahi duten ordutegian egin ditzakete irteerak. Aztertzen ari dira, hala ere, adinekoentzat eta egoera zaurgarrian daudenentzat ordutegiak ezartzea.
- Babespeko etxebizitzetara eta aniztasun funtzionala dutenen egoitzetara bisitak egin daitezke, beti aldez aurretik ordua eskatuta.
- Hilobiratze edo ehorzketa ekitaldietara joateko aukera 25 pertsonak izango dute. Beilatokietan aforoa 15 pertsonakoa izango da.
- Adinekoen erresidentzietara oso kasu berezietan egin ahal izango dira bisitak: adibidez, adinekoa hilzorian badago, eta egiaztatutako beharra badu senideekin egoteko. Bisita horiek ezin izango dira egin egoitzetan COVID-19 gaixoren bat badago.
- Zineak, antzokiak eta auditorioak zabaltzeko aukera dago, beti aforoaren herena bete arte. Aulkiek aurrez izendatuta egon behar dute. Ekitaldiak edo ikuskizunak eskaintzen dituzten lokalek ere zabaldu ahalko dituzte ateak, betiere aforo mugarekin. Kalean izango diren ikuskizunetan gehienez 400 ikusle bildu ahal izango dira, segurtasun neurriak betez.
- Erakusketa aretoek zabaltzeko aukera dute, %30eko aforoarekin.
- Erlijio guneak zabal daitezke, %50eko aforoarekin.
- Aisiarako igerilekuak zabal daitezke. Erabiltzaileei kalte egin diezaieketen gaietatik libre behar dute izan (garbiketa eta desinfekzio lanak egin behar dira). %30eko aforoa izan dezakete, eta txandakako ordutegiak ezarriko dira (aldez aurretik hara joateko txanda hartu behar da). Bainatzen direnen artean 2 metroko segurtasun tartea egon behar da. Kirol erabilerarako igerilekuak ere zabal daitezke (irekiak edo itxiak), aforoaren %30arekin, aurretiko zitarekin, eta igerilekuko kale bakoitzean igerilari bakarra egon daiteke.
- Kirol instalazio estaliak irekiko dira, beti %30eko aforoarekin, eta aldez aurretik txanda hartuta.
- Hondartzara joan daiteke, baina kontaktu fisikorik ez da baimentzen. Bainatzeko aukera dago (baldin eta Eusko Jaurlaritzak kontrakoa esaten ez badu).
- Liburutegiak zabalduko dituzte, %30eko aforoarekin.
- Merkataritza gune handiak irekitzeko aukera, %30eko aforoarekin gune komunetan, eta %40koarekin dendetan. Gune horietako haurrentzako eremuak itxita jarraituko dute.