Patxi Ruizen egoerari «arrazoizko konponbide bat» ematea eskatu du Sortuk, «beranduegi izan baino lehen»
Euskal preso nafarrak hamaikagarren eguna du gaur gose eta egarri greban. Haren egoeraren gaineko irakurketa elkarbanatu nahi izan dute bidasoarrekin.
Patxi Ruiz euskal presoaren egoeraren gaineko irakurketa elkarbanatu nahi izan du Sortuk irundar eta hondarribiar guztiekin. Hamaikagarren eguna du gaur euskal preso nafarrak gose eta egarri greban, eta haren «egoera latzaren aurrean» aldarrikapen ugari egin nahi izan dituzte. Haien ustez, euskal preso politikoei aplikatutako «salbuespeneko politika jarraituak» eragin zuzena izan du Patxi Ruizen egoeran ere bai. «Indarrean dagoen espetxe politikak euskal presoen deuseztatze pertsonal eta politikoa bilatzen du. Makinaria errepresibo kalkulatu bat aplikatzen da presoa pertsona gisa birrintzeko, lehenik, eta bere konbikzio politikoetan amore eman dezan, ondoren», diote amorruz.
Ruizen egoerari «arrazoizko konponbide bat» ematea eskatu dute, «beranduegi izan baino lehen». Horretarako. bere bizitza eta osasuna zaintzeaz gain, euskal presoak segurtasuna sentitu dezan beharrezko neurriak hartzea exijitu dute. «Urgentziazko neurri hauekin batera, arazoaren jatorrian dagoen salbuespeneko espetxe politika indargabetu eta presoak etxeratzeko prozesuari ekin behar zaio behingoz». Bide batez, euskal preso politikoentzat soluzio bidea irekitzeko lanean jarraituko dutela berretsi du Sortuk.
Argi dute konponbidearen ardura ezin dela Ruizen bizkarrean utzi, eta euskal preso politikoen afera konpontzeko egiteko nagusia kalean dagoela nabarmendu dute. «Espainiako Gobernuak du Patxi Ruizen egoeraren ardura. Espainiako Gobernuari dagokio Patxiren bizitza bermatzea», gehitu dute.
Amaitzeko, nabarmendu dute ez dutela «Patxiren bizitza eta bere egoera bideratzea lehenesten ez dituen inolako ekimenik» babestuko, eta are gutxiago «Patxi irteerarik gabeko egoera batera bultzatu dezaketenean». Era berean, Ruizi eta haren senide eta lagunek elkartasuna helarazi diete, eta oro har, euskal preso politiko guztiei, «azken hilabeteotan bizitzen ari diren egoera zailaren aurrean».