Maskarak eskuratzeko erraztasunak galdegin ditu PSE-EEk
Familia eta norbanako zaurgarrientzako laguntzak, maskara banagailuak eta posta bidezko banaketa bezalako neurriak hartzeko eskaera helarazi dio udal gobernuari.
Hondarribiko PSE-EEren Udal Taldeak maskaren derrigorrezko erabilera bermatzeko neurriak galdegin dizkio EAJren Udal Gobernuari gaur eguerdian plazaratutako oharrean. Iosu Alvarez sozialisten bozeramaileak Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak (OCU) argitaratutako datuak izan ditu hizpide: “OCUren kalkuluen arabera, bi seme-alaba dituen familia batek hilero 110 euro bideratu beharko ditu maskaren erosketari”. Hori dela eta, familia eta norbanako zaurgarrienak laguntzeko neurriak hartzea eskatu dio tokiko gobernuari.
Horrez gain, Eibarren egin bezala, maskara banagailuak jartzeko proposatu du udal alderdiak, baita posta bidezko banaketa gauzatzea ere.