Irungo kontserbatorioa, normaltasunerako bidean
Astelehenean zabalduko dute (hilak 25). Halere, soilik ikasleak sartu ahal izango dira, maila berrietara igaro ahal izateko proba egin behar dutenak.
Irungo Musika Eskola eta Udal Kontserbatorioa pixkanaka normaltasunera itzultzen hasiko da. Udalak jakinarazi berri duenez, astelehenetik (hilak 25) aurrera ikasleek klaseetara itzultzeko aukera izango dute, baina halere, zentroak itxita jarraituko du herritarrentzako. Soilik maila berrietara igaro ahal izateko proba egin behar duten ikasleak ahalko dira bertaratu, besteek ordea, etxetik jarraituko dute formazioarekin, modu telematikoan.
Klaseak, gainera, bereziak izango dira. Saio indibidualizatua jasoko dute ikasleek, banan-banan. Horrez gain, larrialdi egoera dela eta ezarritako segurtasuna bermatzeko neurri guztiak aplikatuko dituzte, hala nola, distantzia, maskararen erabilera eta eskuen garbiketa.
Era berean, 2020-2021 ikasturteari begira jarri dira Musika Eskolan: ekainaren 1etik 10era izena emateko aukera izango da, lotura honetan edo 943 50 57 10 telefono zenbakian. Udal Haur Eskolak berriz, ekainaren 1etik 12ra bitarte zabalduko du izena emateko epea.