Ikasleen arteko arrakala arintzeko neurriak hartu ditu udalak
Ikasle guztien "aukera berdintasuna" bermatzeko helburuarekin, zailtasun ekonomikoak bizi dituzten familiei Internetera konektatzeko gailuak ahalbidetu ditu udalak.
Konfinamenduari aurre egiteko ikasturtea online burutzeko erabakia hartu zuen Hezkuntza Sailak larrialdi egoera hasi zenean. Ikasleen arteko ezberdintasun ekonomikoek, halere, haien arteko teknologia arrakala agerian utzi dute, haien guztien arteko aukera berdintasun eza eraginez. Egoera ikusita, ordea, Hondarribiko Udalak ikastetxeekin hainbat bilera egin ondoren, Interneterako konexioa bermatzeko arazoak zituzten ikasleak identifikatu ditu eta amauraunera sarbidea bermatu die.
Juan Luis Silanes Hezkuntza zinegotziak azaldutakoaren arabera, “udalak inbertsio bat egin du inor gailu horiek gabe gera ez dadin, eta ikasle guztiek baldintza beretan ikasteko aukera izan dezaten”. Gailu horiek dagoeneko instalatu dira eta erabilgarri daudela baieztatu du Silanesek. Ikastetxeetako profesionalei egindako lanagatik eskerrak ere eman nahi izan dizkie hautetsiak.