Pierre Lotiren txokoan eta ondoko bidegorrian egokitzapen lanak egiten ari da udala
Parkearen zoladura aldatzeaz gain, iturri berri bat jartzea eta bidegorriko zuloak estaltzea da lanen helburua; 30.877 euroko diru-saila bideratu du udalak.
Pierre Lotiren txokoko hartxintxarrez osatutako zoladura aldatzeko proiektuari ekin dio Hondarribiko Udalak, Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak zabaldu duenez. Parkeko iturria aldatzea eta ondoko bidegorriko zuloak estaltzea ere aurreikusiten du proiektuak. Denera, 30.877 euroko diru saila bideratu du udalak.
Zabaldutako informazioaren arabera, parkeko zoladura aldatzeko asfalto gorri inprimatua erabiliko da, bidegorriko zuloak estaltzeko bezala. Iturriak, bestalde, ura zirkulatzeko bonbarik ez duela-eta isuria izan ohi du, eta ondorioz, “litro gehiegi alferrik galtzen dira”, adierazi du Carrionek. Hortaz, iturria behin betiko etetea eta lorez apaintzea aurreikusi dute, baita iturri berri bat jartzea ere.