Diru-laguntzen berri emateko kanpaina informatiboa abiatu du udalak
'Itxeki Hondarribia!' talka planak aurreikusitako diru-laguntzen berri emateko 5.000 diptiko prestatu ditu udalak.
Hondarribiko Udalak kanpaina informatiboa hasi du gaur Itxeki Hondarribia! talka planak aurreikusitako diru-laguntzen berri emateko asmoz. Herritarrak informatzeaz gain, enpresa eta jarduera ekonomiko ezberdinetara iritsi nahi du era horretan udalak. Establezimenduetan, tabernetan, hoteletan, supermerkatuetan eta herriko hamaika tokitan banatzeko 5.000 diptiko prestatu ditu horretarako.
Maria Serrano Sustapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak azaldu duenez, “gure asmoa hiritarra, eta batez ere jarduera ekonomiko batean alta emanda dagoen oro, behar den moduan jakinaren gainean egotea da. Hala, informazioa eskuz emateaz gain, udalaren sare sozialetan ere kanpaina ezberdinak egiten ari gara”.
Diru-laguntzak eskatzeko epea ekainaren 8ra arte zabalik egongo da. Informazio gehiagorako Hondarribiko Udalaren webgunea kontsulta dezakete interesdunek.