46 urte Asturiagako segada argitzeko zain
Roke Xabier Mendez Villada eta Jose Luis Mondragon Elorza erail zituztela 46 urte betetzen dira gaur; ekitaldia antolatu du Asturiaga 1974 memoria taldeak larunbaterako.
Maiatzaren 20ean, gaurko egunez orain dela 46 urte, erail zituzten Roke Xabier Mendez Villada eta Jose Luis Mondragon Elorza Moriko gazteak Hondarribiko Asturiaga hondartzan. 21 urteko santurtziarra eta 27 urteko arrasatearra ziren, hurrenez hurren. Espainiako poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean aurrera eramandako operazioan tiroz hil zituzten bi iheslariak. Infiltratutako polizia bat zegoen haiekin Asturiagako segada izenez ezagututako erailketan.
Garai ilun haiek ahanzturan eror ez daitezen, bi gazteak omentzeko ekitaldia antolatu du Asturiaga 1974 memoria taldeak hilaren 23rako, larunbaterekin. Asturiaga mendi ibilaldia egitera gonbidatu ditu taldeak herritarrak, hori bai, izurri egoerara egokitutako deialdia izango da aurtengoa.
Hortaz, goizeko 09:00etan kai berrian elkartzera deitu du Asturiaga 1974 taldeak, bi metroko segurtasun distantziak mantenduz une oro. Handik abiatuta Asturiagara doan kostako bidea hartuko dute, farolako bidean gora jarraitzeko bidegurutzera arte, ondoren, ilaran geldituko beharko dira omenaldian parte hartu nahi duten lagunek eta banan-banan jaitsiko dira Fraideen hondartzara. Norberak bere eskaintza egin ondoren, bidegurutzeraino itzuli eta ilararekin gurutzatu beharrean, farolara doan bidea jarraituko dute.
Memoria taldeak jakinarazi duenez, Segurtasun Sailaren baimenaren zain daude oraindik. Arazorik balego eta baimena ukatuko balute, taldearen Facebook orrialdearen bitartez zabalduko lukete omenaldia gauzatzeko ezezkoa.