Ate Irekien jardunaldia antolatu du Musika eta Dantza Eskolak
Hilaren 26ra arte izena eman dezakete interesa duten lagunek, baina aurten, bisita etxetik egin beharko dutela aurreratu dute eskolako arduradunek.
Ate Irekien jardunaldi berezia egingo du aurten Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak (HMDE). Aurreko urteetako dinamika mantendu nahi dute zentroko arduradunek, beraz, “eskola ezagutzeko, musika tresnaren bati buruz informazioa eskuratzeko, edo nola egiten dugun lan ikusteko” aukera eskaini nahi die interesdunei, etxetik bada ere.
Hala, lehenik eta behin, 943641357 edo 696107177 telefono zenbakietara deitu beharko dute hitzordua hartzeko interesa duten lagunek, ondoren, etxetik mugitu gabe, zalantzak argitu edo informazioa eskatzeko aukera izango du. Hitzordua eskatzeko epea hilaren 26an itxiko da, eta jardunaldia biharamunean, hilaren 27an, egitea aurreikusi dute.
Eskolak eskaintzen dituen diziplinak dira, besteak beste: Musika Goiztiarra, Musika Hizkuntza, Ahots Teknika, Biolina, Txeloa, Pianoa, Flauta, Klarinetea, Saxofoia, Tronpeta, Tronboia, Akordeoia, Gitarra, Perkusioa, Trikitixa, Txistua, Dantza Klasikoa eta Euskal Dantza.