Positibotzat jo du PSE-EEk ikasle guztien Interneteko konexioa bermatzea
Ikasle guztien "aukera berdintasuna" bermatzeko "ezinbesteko" laguntza dela argudiatu du udal talde sozialistak.
Ikasle guztien Interneteko konexioa bermatzeko diru-laguntzekin asetuta agertu da PSE-EE. Zailtasun ekonomikoak bizi dituzten familiei Internetera konektatua egon daitezen udalak eskainitako laguntza “oso positibotzat” jo du Hondarribiko PSE-EEren bozeramaile Iosu Alvarezek. Ikasturtea etxetik, sarearen bidez, jarraitu behar duten ikasleei begira abiatutako diru-laguntza ikasle guztien “aukera berdintasuna” bermatzeko “ezinbesteko” neurria da talde sozialistarentzat. Apirilean egindako aldarrikapena asebeteta ikusi du modu honetan udal alderdiak.
“Inongo zalantzarik gabe berri oso ona da, eta PSE-EEk azken urteotan egindako aldarrikapenarekin bat egiten du: eskola materiala eta baliabide informatikoak eskuratzeko diru-laguntzak ezartzea”, erantsi du Alvarezek.

