Artiako ezkien mozketa gelditzeko eskatu diote Arartekoari
Zuhaitzak mozteko erabakia «bidegabea, desegokia eta koherentziarik gabekoa» dela salatu dute gogor Artiako Lagunek. Horregatik, eskaera zuzenak egin dizkiote Arartekoari.
Artiako Lagunek tinko jarraitzen dute Juan Thalamas Labandibar kaleko zuhaitzen mozketa ekiditeko borrokarekin. Kexa eskaera bat aurkeztu berri diote Arartekoari, hainbat talderen babesa jaso ostean. Bertan salatu dutenez, bi fasetan moztuko dituzte ezkiak; lehenengoa 2020rako onartu da (51 zuhaitz moztuko dituzte) eta «itxura guztien arabera» bigarren fasean gainerakoak moztuko dituztela salatu dute. Erabaki horren harira, zenbait kontu argitu nahi izan dituzte lehenik.
«Zuhaitzen lerrokadura Bidasoa ibaiaren alboan dago eta 1.056 metro luzera du, Faisaien uhartearen eta Santiagoaurra uhartearen artean, eta ekosistemaren zatia da ibaiak itsasoan daukan ahoan», argudiatu dute Artiako Lagunek. Eremu hori babesteko asmoz, hartu beharreko erabakien zerrenda bat egin du elkarteak.
Lehenik, salatu dute udalak aurkeztutako txostenak ez duela zuhaitzez zuhaitz egindako arrisku analisi indibidualizaturik jaso, ez duela «arriskuaren ebaluaziorako metodologia argi eta zehatzik jarraitzen». Horregatik argudiatu dute txosten teknikoak ez duela objektibotasunik. «Mozketa eta haren ordezkapena azken baliabidea izan beharko litzatekeenean, mozketa besterik ez da proposatzen», diote amorruz.
Bestalde, udalak zuhaitzak mozteko hartutako erabakiak eta udalak eskatutako txostenak bat ez datorrela diote. Izan ere, ezkien lerrokaduratik metro gutxira (ia muga berean) hegazti faunarentzako leku estrategikoa dela diote, hainbat erakundek hala berretsita. Gainera, zuhaitzek duten pantaila akustikoaren funtzioa nabarmendu dute, kutsadura akustiko handienetakoa duen kale bat baita haien aburuz. «Mozketak, zalantzarik gabe, auzoak jasango lukeen kutsadura akustikoaren maila handituko luke, baina ez da horrelakorik aurreikusten»:
Amaitzeko, udal gobernuari leporatu diote herritarren partaidetzarako eta jendaurreko informaziorako prozesurik egin ez izana, «Irungo udalerriko Eremu Berdeen eta Arbolatuen Plan Zuzentzailean (2009) eta Irungo Jasangarritasunaren aldeko II. Ekintza Planean (2015-2025) proposatzen den bezala».
Eskaera zuzenak
Zuhaitzak mozteko erabakia «bidegabea, desegokia eta koherentziarik gabekoa» dela salatu dute gogor. Horregatik, honako eskaera zuzenak egin dizkiote Arartekoari: planifikatutako mozketak saihestea, orain arte desagertutako 16 zuhaitzak ordezkatzea eta Juan Thalamas Labandibar kaleko zuhaitzen lerrokadura guztia zaindu eta defendatzea.