[Erreportajea] Segurtasun pedalkadak
Bizikleta garraio modu aktibo gisa aldarrikatu du Balazta Bidasoko elkarteak, COVID-19aren hedapenari aurre egiteko Hondarribiko eta Irungo udalei aurkeztutako proposamenean.
Bizikleten erabilera sustatzea, osasunerako segurtasun neurri gisa; hori da Balazta elkarteak plazaratu duen proposamenaren gakoa. COVID-19 pandemiaren ondorioz gorde behar diren segurtasun distantziak bermatzeko modu egokia dela uste du bizikletaren aldeko Bidasoko elkarteak, eta, hori ardatz hartuta, proposamen landua helarazi die Irungo eta Hondarribiko udalei. Bizikleten erabilerarako “presazko neurri sorta bat” har dezatela eskatu dute.
Proposamenak bi helburu dauzkala azaldu du Kote Gebara Balaztako kide eta prentsa arduradunak: batetik, bizikleta garraio publiko gisa erabiltzea, eta, bestetik, bizikleten sektore ekonomikoa suspertzea, zikloturismoarena barne. “Askotan, kirol edo aisia bezala hartzen da bizikleta, baina garraiobide bat dela azpimarratu nahi dugu guk”.
COVID-19aren izurria kutsatuen dauden eremuetan gogorrago erasotzen ari dela ere nabarmendu du elkartearen proposamenak, eta hala berresten dute nazioarteko hainbat unibertsitatek egindako ikerketen emaitzek ere. Elkartearen ustez, “kutsadura saihesteko modu ona” da bizikleta, eta, Gebarak onartu duenez, koronabirusak sortutako egoera berriak mugikortasunean “eragin handia” izango du aurrerantzean. Herritar gehienek garraio publikoa ez dutenez segurutzat jotzen, bakoitza bere ibilgailua erabiltzen hasi dela ohartarazi du elkarteko kideak.
Balazta elkarteak udalei bidalitako proposamenean gaineratu du larrialdi egoerak “krisi ekonomikoa eta soziala” piztuko duela, eta, ondorioz, garraio publikoaren, “eta bereziki mugikortasun aktiboaren”, beharra azaleratuko duela, “garraiobide merke eta eskuragarriak baitira gizarte osoarentzat”.
Ildo horretan, Espainiako Osasun Ministerioak SND/380/2020 aginduan plazaratutakoarekin bat egin du Balaztako kideak, eta lehentasuna oinezkoek eduki behar dutela berretsi du. Lehentasunetan bigarren eta hirugarren postuetan leudeke bizikletak eta garraio publikoa. Hortaz, espazio publikoaren banaketaren gaineko “analisi sakona” egitera deitu dituzte udalak. “Leku askotan parteka daitezke bidegorriak oinezkoen eta bizikleten artean”, hasi du azalpena Gebarak. “Eta horretarako ez dugu uste azpiegitura handirik behar denik”. Kono batzuk jarri eta lurrean behin-behineko seinaleak margotuta nahikoa litzatekeela uste du elkarteko kideak: “Funtzionatzen badu, denborarekin azter dezakegu beste modu batera egitea”.
Hamaika hirik egin dute bizikleten aldeko apustua. Balazta elkarteak bere proposamenean aurkeztu duen moduan, Frantziako Gobernuak bizikleta ibilgailu nagusia izan dadin plan berezi bat aplikatu du, eta Alemaniako Gobernuak behin-behineko bidegorriak margotzea erabaki du. “Hemen oso atzeratuta gaude gai horretan”, deitoratu du Gebarak.
Espazio publikoa oinezkoen, bizikleten eta autoen artean “era logikoan” banatzea galdegin du elkarteak. Gebararen ustez, gaur egun argi dago autoek dutela lehentasuna, baina, iragan astean, konfinamendua arintzearekin batera, herritarrak bizikletaz eta oinez atera zirela gogoratu du: “Orduan ikusi genuen espazio publikoa ez dagoela pertsonentzako prestatuta, autoentzat baizik”. Hortaz, agerian gelditu ziren segurtasun distantziak mantentzeko zailtasunak, espaloian zein bidegorrian, eta biak zabaltzeko beharra nabarmendu du Balaztako kideak.
Irun eta Hondarribia arteko bidegorri sarea bultzatzeaz gain, autoei orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzeko eskatzen du elkarteak, oinezkoei eta bizikletei lehentasuna ematen dieten semaforoak jartzeko ere bai, aparkaleku seguruak, bizikleten bideak zabaltzea, bi norabidetako bizikleten erreiak norabide bakarrekoak izatea… Horiek dira elkartearen eskaera batzuk.
Irungo Udalean, bilera
Ildo horretan, Irungo Udalak dagoeneko zenbait neurri hartu dituela zehaztu du Gebarak: “Gure proposamena helarazi eta bilera bat eskatu genuen egoera aztertzeko, eta handik bi egunera bilera batera deitu zigun udalak, auzo elkarteekin eta gainontzeko eragileekin batera”. Euren helburuetako bat “eztabaida mahai gainean jartzea” dela onartu du Balaztako kideak, eta, neurri batzuk ontzat jo arren, beste batzuek ika-mika sortu zutela parte hartzaileen artean. Hala ere, neurri sorta adostu zuten azkenean.
Hondarribiari dagokionez, udal gobernuak proposamena aztertzen ari direla adierazi dio Balaztari. Gebarak zehaztu duenez, bizikleten erabilera sustatzeko hamar urteko epean garatu beharreko plangintza bat jarri zuen martxan iaz udalak. Hala ere, orain bertan “presazko neurri sorta bat” aplikatzea “ezinbestekoa” dela iritzi dio Gebarak, plana osatzearekin batera. Neurriak behin-behinekoak ez izatea eta eskualdean mugitzeko mugak ezabatzea espero du Balaztak.