Segurtasun distantziak bermatzeko hainbat trafiko aldaketa izango dira bihartik aurrera
Oinezkoak lehenesteko helburuarekin, asteburuetan Kosta kalean eta Ramon Iribarren pasealekuan, eta astean zehar Bentako aparkalekuan aldaketak burutuko ditu udalak.
Segurtasun distantziak bermatzeko helburuarekin, oinezkoak lehenetsi nahi ditu Hondarribiko Udalak, eta horretarako hainbat trafiko aldaketa egingo ditu bihartik aurrera. Hala, asteburuetan Kosta kalean eta Ramon Iribarren pasealekuan gauzatuko dituzte aldaketak, Bentako aparkalekuan ordea, aste osoan zehar mantenduko dira.
Ramon Iribarren pasealekuan eta Kosta kalean, asteburuetan, espaloiak eta bidegorriak oinezkoentzat izango dira, eta bizikletak, berriz, errepidetik joango dira. Soilik auzo horietan bizi direnak sartu ahal izango dira autoz. Bentan, bestalde, hainbat aparkaleku kendu ditu udalak, Itsas Etxea auditoriumaren atzealdean. Larrialdi egoera bukatu arte mantenduko dute Bentako aparkalekua horrela.
Juan Luis Silanes Kalixa Ingurumen eta Mugikortasun zinegotziaren arabera, “hartzen ari garen erabaki hauek iazko urriaren 30eko Osoko Bilkuran onartu genuen Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planaren barnean aurreikusten dira, eta irizpide horiek jarraitzen ari gara. Lehenik oinezkoa doa, gero bizikleta, hirugarrenik garraio publikoa, eta laugarrenik norberaren ibilgailua”.