Lanpostuak sortuz erantzun behar diola udalak izurriari iritzi dio Abotsanitzek
2017tik onartu diren lan eskaintza publikoak aurrera eramateko eta udal langileen zerrendan dauden hutsuneak betetzeko exijitu dio Abotsanitzek udal gobernuari.
Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondotik krisi ekonomikoak zer nolako tamaina izango duen aurreratzeko goiz den arren, lanpostuak sortuz erantzun behar diola Hondarribiko Udalak izurriari uste du Abotsanitz Herri Batzarrak. Hori dela eta, 2017. urtetik aurrera onartutako lan eskaintzak burutzeko exijitu dio EAJren Udal Gobernuari, baita udal langileen zerrendan dauden hutsuneak betetzeko ere.
Normaltasunera bidean “administrazioaren makinaria %100ean martxan jartzea” ezinbestekoa dela iritzio dio udal alderdiak, eta horretarako “segurtasun neurriak zehaztu eta eskainiko diren zerbitzuen plangintza” prestatzea beharrezkoa ikusten du taldeak.
Zentzu horretan, udalak 54 milioi euroko soberakina pilatu duela urtetik urtera dio Abotsanitzek.”Dirua soberan, eta langileak faltan”, gehitu du. Izan ere, inguruko udalekin alderatuta “langile gutxi eta behin-behinekotasun tasa erraldoia” dauka Hondarribiak. Gainera, 2017ko udal langileen gaineko legearen arabera, 2020. urtea bukatzerakoan behin-behinekotasun tasa %7tik behera egon beharko luke, baina udal taldearen arabera, uneotan tasa hori “%60koa baino handiagoa da”.
Are gehiago, tasa horrek behera egin beharrean gora egin duela nabarmendu du Abotsanitzek: “2017 urtean 20 langile interino zeuden udalean; egun 25 dira. Eta denbora epe berean, funtzionario kopurua 47tik 36ra murriztu da”.
Hori horrela, udal lanpostuen zerrendan bete gabe daude hemezortzi lanpostuak bete eta azken hiru urteetan onartutako lan eskaintzak exekutatu ditzan exijitu dio EAJren Udal Gobernuari. Lanpostu horiek denera 25 direla jakinarazi du herri batzarrak. “Eta badira hamar urte baino gehiago sortu gabeko lanpostuetan lanean ari diren udal langileak”, erantsi du.