Irun Aurrera plana irundarren beharrei erantzutetik «oso urrun» dagoela salatu du Elkarrekin Podemosek
Udal gobernuari lan mahai bat sortzea eskatu diote, gizarte eragile guztiekin, mugimenduekin, eragile ekonomikoekin, hiriko sindikatuekin eta ordezkaritza duten talde guztiekin, «guztion artean hiri plan jasangarri, feminista eta aurrerakoi berri bat egiteko».
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak Irun Aurrera planaren gainean dituen kezkak argitu ditu gaur eskainitako agerraldian. Bertan, Miren Etxebeste eta Santi Jimenez kideak aritu dira. Plana aurkeztu aurretik udal gobernua oposizioko talde guztiekin bildu zela gogoratu dute; autonomo eta mikroenpresen laguntza lortzeko eskatzaileak jarduera uzteko ebazpena edo gutxienez negozio bolumenaren %75a galdu izanaren adierazpen arduratsua aurkeztea nahikoa izango zela argudiatu zutela diote, baina salatu dute udal gobernuak ez zuela zehaztu laguntzak jarduerari lotutako gastu justifikagarrien mende egongo zirenik. Aurretik hori jakin izan balute, «aldaketa batzuk» proposatuko lituzke taldeak. Izan ere, laguntzen letra txikiak dio soilik ondorengo gastu hauek diruz lagunduko direla: Negozio lokalen alokairua (baldintza batzuekin) eta gizarte eta langile gastuak, norbera babesteko ekipamenduen eta prebentzioko eta higiene materialaren gastuak, aholkularitza gastuak eta kontsumoak.
«Autonomo eta mikroenpresa gehienek pairatzen dituzten zailtasunak kontuan hartuta, eta etorkizuna oso zaila izango dela aintzat hartuta, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzan uste dugu laguntza horiek ez liratekeela jarduerari lotutako kostuetara mugatu behar», salatu dute. Lan jarduerarekin lotura ez duten gastu asko daudela diote. Beraz, laguntza horiek diru sarrerarik ez dutenei edo SEPEren ezohiko laguntza jaso arren diru sarrerekin etxebizitza eta mantenu beharrak asetzen ez dituzten sektoreei bideratu beharko liratekeela. Era berean, erakundeek eredu izan behar dutela diote, «herritarrei krisia ahalik eta ondoen gainditzen laguntzeko». «Laguntza bat eman ondoren faktura bidez justifikatu gabeko diru guztia udalari itzuli beharko zaiola ohartaraztea moralik eta etikarik gabekoa iruditzen zaigu».
Irun Aurrera plana «Irungo herritarrek datozen hilabeteetan eskatuko dituzten beharrei erantzutetik oso urrun» dagoela salatu dute. Hortaz, udal aurrekontuaren zati bat «premiaz mobilizatzea» beharrezkotzat jo dute, «osoko bilkuran onartu beharrak epeak luzatzen dituelako, eta Irunek kreditu aldaketa sakon bat merezi duelako». Hiria biziberrituko duen «plan sozioekonomiko integral» bati aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikoak nahi dituzte. Horretarako, hiru fase bereizi dituzte:
- Uda amaitu arte: Irungo familien eta ETEen epe laburreko behar ekonomikoei, mantentze beharrei, hornidurari, kontziliazioari eta sostenguari erantzuteko.
- 2020ko udazkenetik 2021eko udaberrira: pobrezian edo gizarte bazterkerian erortzeko arriskuan daudenentzako laguntzei eusteko, eta hiriko enpresa eta industria sarea suspertzeko, trantsizio ekologikoa, energia berriztagarriak eta ekoizpen eraginkorra ardatz hartuta.
- Agintaldiaren gainerako urteetarako: emaitza onak lortu dituzten ildo estrategikoak indartzea eta enplegu iraunkorra sortzen jarraitzera bideratua.
Plan hori egiteko, udal gobernuak lan mahai bat sortu beharko lukeela uste dute formazio moreko kideek, gizarte eragile guztiekin, mugimenduekin, eragile ekonomikoekin, hiriko sindikatuekin eta ordezkaritza duten talde guztiekin, «guztion artean hiri plan jasangarri, feminista eta aurrerakoi berri bat egiteko».