Hiriko 250 familiak diru laguntza jaso dute, koronabirusaren krisiari aurre egiteko
Pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien gaineko informazio zehatza eman du udalak. Gizarte Ongizateko Aholku Batzordea bildu zen atzo.
Atzo (hilak 14), Irungo alkate Jose Antonio Santanok Gizarte Ongizateko Aholku Batzordean hartu zuen parte, Cristina Laborda ordezkariarekin batera. Bertan, Gurutze Gorria, Babes Zibil eta Nagusilaneko kideekin batera koronabirusaren krisiari aurre egiteko hartutako neurrien balorazioa egin zuten, datu zehatzak aurkeztu zituzten.
Alkateak nabarmendu zuenez, larrialdi egoera hasi zenetik, funtsezkoa izan da udalarentzat gizarte arreta mantentzea, «kolektibo ahulenak lehenetsiz eta baita diru laguntzen kudeaketa ere». Horretarako, udalak emandako datuei erreparatuta, Irungo 250 familiatik gora udalaren laguntza ekonomikoa jaso dute (263 familiek jaso dute Eusko Jaurlaritzak finantzatutako eta udalak kudeatutako Gizarte Larrialdietara Laguntza).
Bestalde, hiriko 6.000 adinekorekin harremanetan jarri direla azaldu dute; bakarrik edo adineko pertsonekin bizi diren 65 urtetik gorako 81 pertsona artatu dituzte zuzenean, eta horietatik 8k beste maila bateko laguntza jaso dute. Batez ere, oinarrizko produktuak erostera joateko laguntza jaso dute hauek. Lan horretan, Babes Zibil eta Gurutze Gorriako boluntarioak aritu dira. Laguntzetatik harago, azken asteotan egoera berrira egokitu dituzten bi baliabide nabarmendu ditu alkateak: otordu zerbitzua (133 etxebizitzek jaso dute) eta etxez etxeko laguntza zerbitzua (173 erabiltzaile izan ditu).
Zerbitzu gehiago
Egoera ahulean dauden kolektiboak artatzeko ere laguntzak indartu ditu udalak. Zehazki, 585 familia izan dira Nagusilaneko elikagai bankuko elikagaiak jaso dituztenak. Era beran, hiriko 73 lagunek Jantoki Sozialeko ordezko janari kitak jaso dituzte. Amaitzeko, etxerik gabeko 40 lagun Zubia eta Martindozeneako zentroak erabiltzen ari direla azaldu dute. «Egoera honetarako salbuespenez prestatutako instalazioa da, eta gaua pasatzeko, garbitzeko eta jateko aukera dute».
Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri nahi ezkero, aldez aurretik hitzordua eskatu behar dela gogoratu du udalak. Zalantzak argitzeko, 943 50 53 57 edo 943 50 53 58 telefono zenbakietara hots egin daiteke.