Behobiako pasabidea irekitzea eskatu dute Irun eta Hendaiako alkateek
Jose Antonio Santano eta Kotte Ecenarro alkateek indarrak batu dituzte, eta Espainia zein Frantziako gobernuei mugez gaindiko egoerekin «sentikorrak izan daitezela» eskatu diete.
Irun eta Hendaia arteko pasabideak itxi zituztenetik, auto ilara handiak sortu dira Behobia, Lizuniaga, Lizarrieta edo Sarako pasabideetan. Irungo Udalaren arabera, zaila bilakatu a muga politikoa pasatu ahal izatea, bereziki desaskalatzearen lehen fasea hasi zenetik. «Enpresetako jarduera berreskuratu da, baita enpresa askotako lan presentziala ere, bi aldeetako komertzioak ireki dira eta ikastetxeak ere hasi dira. Bidasoaren alde bateko eta besteko herritarrek eguneroko bizitzan mugaren bi aldeetan jarduerak egiten dituztela ulertuta, Santiagotik ugaritan pasa behar dute eta ilarak ere ugaritu egin dira», diote udaleko iturriek. Horregatik, Irun eta Hendaiako alkateek (Jose Antonio Santano eta Kotte Ecenarro) indarrak batu dituzte, eta Espainia zein Frantziako gobernuei mugez gaindiko egoerekin «sentikorrak izan daitezela» eskatu diete.
Zehazki, mugako pasabide guztiak berriz ere irekitzea eskatu dute, «bidea errazteko eta ilarak saihesteko». Santanok konpromisoa hartu du eskaera Gobernuko ordezkariari helarazteko, baita Hendaiako alkateak ere. Gainera, bi alkateek koordinazio handiagoa eskatu diete mugaz gaindiko udalerri horietara informazioa helarazteko, bi aldeen arteko komunikazioa hobetu ahal izateko. «Jarduera ekonomikoak ere kezka sortzen du udalerri horietan. Izan ere, kasu batzuetan hainbat establezimendu eta gune mugaz gaindiko merkataritzara erabat bideratutako eremuak dira, eta bezeroen mugikortasunik gabe irekitzea establezimenduak itxita egotea bezala izango da».