Probintzien arteko mugikortasuna baimendu arte, ez du TAO zerbitzurik nahi Elkarrekin Podemosek
Udalaren asmoa TAO zerbitzua astelehenean martxan jartzea dela salatu dute. «Herri eta probintzia arteko mugikortasuna mugatua dagoela gogoratu behar da, eta orain martxan jartzeak soilik irundarrei eragingo lieke».
Irungo Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeko Miren Etxebeste eta David Nuño kideek agerraldi telematikoa eskaini dute gaur. Gogoratu nahi izan dutenez, badira bi hilabete Irungo TAO zerbitzua gelditu zutenetik, larrialdi egoerak hala eskatuta. Halere, aparkatzeko afera aspalditik datorrela diote, eta udal gobernuari leporatu diote azken urteotan TAOaren zentzua «indargabetzea». Bide batez, zenbait eskaera egin dituzte.
Agerraldian azaldu dutenez, udalaren asmoa TAO zerbitzua berriz ere martxan jartzea da, datorren astelehenean (hilak 18). «Gure desadostasuna jakinarazi nahi dugu, gauden egoeran zerbitzuak ez baitu zentzurik». TAOaren buelta «irizpide objektibo» batzuen arabera izatea eskatu dute, adibidez, bigarren fasearekin batera heltzea, probintzien artean mugitzeko debekurik ez dagoenean. «Herri eta probintzia arteko mugikortasuna mugatua dagoela gogoratu behar da, eta orain martxan jartzeak soilik irundarrei eragingo lieke», salatu dute. Horregatik probintzia barruko mugikortasuna baimentzen dutenean TAO zerbitzua martxan jartzea eskatu dute, ez lehenago.
Amaitzeko, 2019ko kreditu aldaketan taldeak aurkeztutako eta onartutako zuzenketa gogoratu dute. Honetan udalak TAO zerbitzua berreskuratzea jaso zuten. «TAOaren kudeaketa berreskuratzeak hobari, murrizketa, tarifa berezi eta promozioak aplikatzeko aukera emango luke», gehitu dute.