Otsailari dagokion faktura gaur kobratuko duela jakinarazi du Txinzerrek
Faktura helbideratua duten erabiltzaileei eta larrialdi egoerak iraun bitartean ixtera behartuta egon ez diren enpresei egingo zaie kargua; gainontzekoek ekainera arteko epea izango dute ordaintzeko.
Otsailari dagokion uraren eta hondakinen fakturaren banku kargua gaur egingo duela jakinarazi du Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer). Ordain-agiria helbideratuta duten erabiltzaileei kobratuko zaie, baita larrialdi egoerak iraun bitartean ixtera behartuak egon ez diren negozio eta enpresei ere.
Fakturazioa helbideratua ez dutenen kasuan, ekainaren 15era arteko epea emango zaiela adierazi du Txinzerrek. Pertsiana jaistera behartuta egon diren jarduera ekonomikoei dagokienez, ekainaren 11n egingo zaie banku kargua. Txinzerretik gogoratu dutenez, azken hauek uztaila eta abuztuko fakturen ordainketa salbuespena eskatu ahal izango dute, beti ere, baldintza guztiak betetzen badituzte. Salbuespena kudeatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko 900 119 384 doako telefonora dei dezakete interesdunek.