Hiriko zenbait espaloi hobetu dituzte, oinezkoen mugikortasuna hobetzeko
Diana, Martxoak 8, Marinel eta Meakako udal mintegiko tarteko espaloiak berritu dituzte. Orotara, obra guztietarako, 500.000 euroko inbertsioa egin du udalak.
Irungo Udaleko Obra sailak jakinarazi berri duenez, amaitu dituzte hiriko zenbait espaloi berritzeko obrak. Zehazki, Diana, Martxoak 8, Marinel eta Meakako udal mintegiko tarteko espaloiak berritu dituzte, oinezkoentzako irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko asmoz. Orotara, obra guztietarako, 500.000 euroko inbertsioa egin du udalak.
Diana kaleko portaletarako sarbidea hobetu dute, bi metroko espaloi berria jarrita. Lurra hobetzeaz gain, LED argiztapen sistema berria jarri dute. Meakako espaloian berriz, zuhaitzen sustraiek eragindako kalteak konpondu dituzte, baita argiztapen guztia aldatu. ‘Alkatea auzoetan’ programan jasotako proposamena izan da.
Martxoak 8 kalean, oinezkoen sarbidea hobetu dute, bereziki 8.atarian. Kaleko jardinak kendu dituzte, eta uraren kudeaketa hobetzeko hobi berri bat eraiki dute. Marinel kalean ere espaloia handitu dute, eta zoladura berritu dute, baldosa hidraulikoekin. Argi puntuak ere berritu dituztela jakinarazi du udalak.
Obra gehiago
Era berean, Miguel de Astigar kalean ere lehen obrak egin dituztela zehaztu dute. Ondorioz, 8:00etatik 15:00etara, trafikoa moztuko dute (Argentina Errepublika kaletik desbideratuko dituzte gidariak). Amaitzeko, Tadeo Murgia eta Peio Bixente kaleetan ere zenbait obra egiten hasi dira. Datorren astean amaitzea aurreikusi dute.
Azken egunetan hobekuntzak jasan dituen beste espaloi bat Katea auzoko Euskotren geltokirako sarbidea izan da. 60.000 eurorekin egin diote aurre obrari.