Sanmartzialak ospatuko dituzte, baina «egungo egoerari egokituta»
Irungo Udalak aurtengo jaiak mantentzeko erabakia hartu du. Festetarako aurreikusitako agenda moldatuko dutela iragarri dute, osasun neurri guztiak bete daitezen.
Aurten sanmartzial jaiez gozatzeko aukera izango dute irundarrek, baina ez azken urteotan bezala. Gaur bertan jakinarazi du udalak aurtengo jaiak mantentzeko apustua egingo dutela, baina «bizi dugun egoerari egokituta» definituko dutela egitaraua. “Kultur arloak egoerara egokitutako San Pedro eta San Martzialetako egitaraua lantzea erabaki du: ekitaldi batzuk desberdin egingo dira, sare sozialek eta Internetek ematen duten aukerak baliatuz; beste batzuk, aldiz, ezin izango dira egin”.
Hala, festetarako aurreikusitako agenda moldatuko dutela iragarri dute, osasun neurri guztiak betearaziz. Ekitaldi batzuk mantentzeko asmoa dute (online bidez ere zenbait egiteko asmoa adierazi dute), eta beste batzuk, ordea, bertan behera utziko dituzte.
Udalak esan duenez, udal talde politikoekin eta horiekin koordinatuta barne lana egiten ari dira. Gainera, gaur bertan, jaien egitarauan parte hartze dutenekin bilkura telematikoa egin dute Jose Antonio Santano alkateak eta Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak. Elkarteen iritzia bildu dute, eta jakin nahi izan dute elkarte bakoitzak bere jarduera ezarritako mugen barruan aurrera eramateko asmoa duen, edo bertan behera uztea aztertzen ari diren.
Datozen asteotan jaien egitarauaren gaineko informazio eta xehetasun gehiago emango ditu udalak. Bide batez, auzoko jaiei dagokionez, hiriko auzo elkarte guztiekin hitz egiteko asmoa adierazi du udalak.