Pintaketak medio Soroetako frontoia ixtea erabaki du udalak
Momentuz, itxitura bat jarri du atean udalak, eta larrialdi egoera amaitzerakoan erabakiko du pilotalekua zein baldintzetan berriz ere ireki
Soroetako frontoian itxitura bat jartzea erabaki du Hondarribiko Udalak. Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, alarma egoera amaitu arte itxita mantenduko da pilotalekua, eta orduan erabakiko du udalak zein baldintzetan irekiko duen berriro. Izan ere, kexu agertu da Carrion pintaketekin: «Duela bi urte 13.000 euro inbertitu genituen pilotalekuan, eta ireki bezain laster pintaketak egin zituzten frontoi osoan, kirola egitea zaildu egiten zutelarik».
Hori horrela, Emekik aurten antolatutako pala txapelketarako berriz ere frontoia egokitzea erabaki zuen udalak, eta egun gutxiren bueltan, finala jokatu aurretik, berriro margotu zuten. Hori dela eta erabaki du udalak itxitura bat jartzea.