Etxetik lana nola bilatu irakatsiko diete bidasoarrei
Langabezian dauden bidasoarrentzako doako hainbat tailer antolatu ditu Bidasoa Bizirik-ek, lana bilatzeko curriculuma eta trebetasunak hobetzeko asmoz.
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Bizirik-en bitartez, larrialdi egoeran ere langabeei laguntzeko lanean jarraitzen dute. Izan ere, azken aste eta hilabeteotako egoeraren aurrean, egitasmo berri bat aurkeztu dute, Ni etxetik prestatzen naiz titulupean. Langabezian dauden bidasoarrentzako doako hainbat tailer eskainiko dituzte, lana bilatzeko curriculuma eta trebetasunak hobetzeko asmoz.
Egitasmo hau Irungo Udalak abiarazitako Irun Aurrera planaren ildo nagusietako bat dela azaldu dute Bidasoa Bizirik-eko iturriek. Argitu dutenez, bi fasetan banatuko dute programa, bat orain eta bestea «udazkenari begira».
«Covid 19-ren ondorioz bizi dugun egoerak erakutsi digu teknologia berriak laguntza handia direla lan bila dabiltzan edo beren lanbide-profila hobetu nahi duten pertsonentzat garrantzitsutzat jotzen ditugun zerbitzuak eta jarduerak eskaintzen jarraitu ahal izateko. Horien artean dago prestakuntza, bai pertsona horien trebetasunak eta curriculuma hobetzeko, bai lana bilatzeko tresna eta metodo berriak ezagutzeko» azaldu du Bidasoa Bizirik-eko presidente Miguel Angel Paezek.
Lehen tailerra datorren astean hasiko dute; asteartean (hilak 19) izango da, 17:00etatik 19:00etara, Laura Ramireezen eskutik. Lana bilatzeko garaian denbora modu eraginkorrean kudeatzeko gakoak irakatsiko ditu.
Bigarrena aldiz, Linkedin profilari etekina ateratzeko baliatuko dute. Hilaren 21ean izango da (osteguna), 10:30ean eta Enara Franco Community Manager-ak eskainiko du. Bi saioak, Zoom aplikazioaren bitartez egingo dituzte. Izen ematea, esteka honetan egin daitezke.
Amaitzeko, iragarri dute laster hasiko dira lan orientazioko zerbitzuak aurrez aurre eskaintzen, aurretiko hitzorduekin. Bestalde, Enplegu Sailarekin harremanetan jartzeko, helbide honetara idatzi beharko da.