Mozteko arriskuan diren 47 zuhaitzek beharrezko babesa jaso dute
Hiriko zein gertuko 47 elkartek euren babesean hartu dituzte Juan Thalamas Labandibar kaleko ezkiak. Helburua lortu arren, babes kanpainarekin jarraituko dute Artiako Lagunek.
Artiako Lagunek apirilean abiarazitako kanpainak bere helburua lortu du. Mozteko arriskuan diren 47 ezkiek beharrezko babesa jaso dute. Izan ere, hiriko zein inguruko 47 elkartek euren babespean hartu dituzte zuhaitzak.
Arrakastatsua izan da babes kanpaina, Irundik harago, eskualde zein urrutiko elkarte askok babestu baitituzte zuhaitzak. Ondorengoak dira: Artia auzoko denda txiki, SEO-Birdlife Donostia, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Ekologistas en Accion Konfederazioa, Oarsoaldeko Eguzki, Hendaiako Recycl’Arte, Sevillako Red Ciudadana, Talavera de la Reinako (Toledo) Tagus Fundazioa, ADDA GKEa, Arriba Las Ramas, Chipionako CANS talde ekologista, Valenziako ADENE elkartea, Txileko Red de Arbol Urbano, Kolonbiako ProArbol elkartea, Irungo Aitzondo Euskara taldea, Aldatsa Baratza kooperatiba, Xixare Baratza elkartea, Labore Txingudi elkartea eta Landetxako auzo elkartea, eta zuhaitzen aldeko Lezoko Zuhaitzen Lagunak.
Artiak Lagunek diote dagoeneko Jose Antonio Santano alkateari eta zinegotzi guztiei adopzioen berri eman dietela, baina tamalez, ez dutela oraindik erantzunik jaso. Era berean, babes kanpaina handitzea erabaki dute, 47 zuhaitzez gain, beste zortzi arrisku berberean aurkitzen baitira. «Nahiz eta lehenengo fase batean eta udaletxeko txostenean Arenas Carrillo eskaileratatik Behobiaraino dauden 47 zuhaitzen mozketa bakarrik proposatu, Artiako Lagunak taldeak susmoa du hurrengo fase batean beste 55ak izan daitezkeela helburua», diote Artiako Lagunek. Beraz, babes kanpainak aurrera darrai.
Elkarteetatik harago, norbanako askok ere interesa azaldu dute zuhaitzak babesteko. Horregatik, irundarrei ere zuhaitz bat adoptatzeko aukera eskaini nahi diete. Horretarako, helbide honetara edota taldearen Twitter kontu ofizialera idatzi beharko da. Ondoren, elkarteak konpromisoa hartuko du babes ziurtagiria ezkiaren zenbakiarekin batera igortzeko. Era berean, Change.org bidez ere babesa jasotzen jarraitzeko asmoa adierazi dute. Orain arte 2000 lagun baino gehiagok sinatu dute.