Baserritarren Egun berezia ospatuko du Bidasoa KM0 egitasmoak ostiralean
Hilaren 15ean, San Isidro egunarekin batera, hainbat dira ospatu eta aldarrikatu nahi dituzten proiektuak, tartean, KM0 salmentarako online plataforma berria.
Hilaren 15ean, San Isidro egunarekin batera, ospatuko du Bidasoa KM0 egitasmoak Baserritarren Eguna. Egun berezia izango da aurtengoa proiektuaren bultzatzaileentzat, osasun larrialdi egoera hasi zenetik argi gelditu baita “lehen sektoreak duen garrantzia eta tokiko ekoizpena indartzea eta bertakoa kontsumitzea ezinbestekoa izango dela datorren egoeraren aurrean”. Hori dela eta, hainbat dira ostiralean ospatu eta aldarrikatu nahi dituzten proiektuak, berriena horien artean, salmenatarako online plataforma izanik.
Lehenik eta behin, Labore Txingudi kontsumo elkartearen hirugarren urteurrena nabarmendu dute Bidasoa KM0ko kideek. Aurten gainera, pausu “garrantzitsua” eman baitu proiektuak Uranzu kaleko saltokia irekiz. Itxialdiak iraun bitartean, baserritar eta ekoizle txikiei euren produktuak merkaturatzeko “ezinbesteko tresna” bilakatu dela establezimendua iritzi diote, eta “modu arduratsu eta osasuntsuan” elikatzeko aukera ere eskaini ahal izan dute horri esker.
Hondarribiko agroaldeko jarduera “etenik gabe” aurrera egiten jarraitzen duela nabarmendu dute Bidasoa KM0ko sustatzaileek, bestalde. Aldatsa baratzearen bederatzigarren urteurrenari esker posible izan dela dinamikarekin aurrera egitea azpimarratu dute. Areago, beste bi baratze batu zaizkio Aldatsari azken urteetan, Amuntza eta Astiro, hiru urte eta urtebete bete dituztenak, hurrenez hurren.
Online salmenta egiteko plataformaren berri ere eman du Bidasoa KM0k. Bezeroek, izen bereko webgunearen bitartez (eraikitzen ari dira gunea oraindik) egin ahal izango dute erosketa hemendik aurrera, eta eskualde eta inguruko hainbat ekoizleren produktuak modu zuzenean eskuratzeko aukera izango dute. Era honetan, produktuak merkaturatzeko bide berri bat zabaltzeaz gain, kontsumitzaileek “modu errazean” erosi ahal izango dute.
Azkenik, hilaren 15ean, bertako produktuekin prestatutako otorduari argazki bat atzeratzera eta sareetan partekatzera deitu dituzte bidasoarrak #nikerekm0 traola erabiliz. Taldearen posta elektronikora ere igorri daitezke irudiak. Baserritarren egunean bertako produktuez gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak era horretan.