2020ko aurrekontua «osorik birmoldatzea» proposatu du EAJk
Irundarrek bizi duten eta datozen hilabeteotan bizi dezaketen egoera aztertu ondoren, laguntzetarako 2.500.000 euro gehiago bideratzea proposatu du Xabier Iridoy bozeramaileak.
Irungo EAJ taldeko bozeramaile Xabier Iridoyk agerraldi telematikoa eskaini du gaur. Bertan, 2020ko aurrekontu berriaren gainean egindako lana eta planteamenduaren xehetasunak eman ditu. Planteamendu honek, «elkarlana ardatz izan beharko lukeen eta bizi dugun egoerari erantzun beharko liokeen birformulazioa» beharko du izan jeltzaleentzat.
Irundarrek egun bizi duten eta datozen hilabeteotan bizi dezaketen egoera aztertu ondoren, jeltzaleek beharrezkotzat jo dute urte hasieran onartutako aurrekontua «osorik birmoldatzea». «Irungo egungo beharrei erantzuten ez dien aurrekontua da egun duguna, horregatik, une honetan premiazkoak ez diren proiektuetara bideratutako zenbait partida ekonomiko, pertsonak, merkataritza, ostalaritza, eta autonomoak laguntzeko bideratzea planteatzen dugu», esan du Iridoyk.
Jeltzaleek landutako proposamenarekin 2.500.000 euro gehiago inbertitu nahi dituzte, «egoera eraginkortasunez gainditzeko funtsezko ekintza multzoa».
Proposamenak
Proposamenei dagokionez, neurri zehatzak aurkeztu dituzte gaurko agerraldian. Lehenik, tokiko merkataritza, ostalaritza eta kultura bultzatzeko bonoak sortu nahi dituzte, egitasmo horretarako 1.000.000 euro gehiago bideratuz (baita ere jada martxan den Txoke PLanean jasotako laguntzak zabalduz). Halere, laguntza horiek Lanbidek eskaintzen dituenekin bateragarriak izatea ezinbestekoa izango da jeltzaleentzat, «gaur egun ez da halakorik aurreikusten eta».
Bestetik, gizarte arloari laguntza gehiago bideratzea proposatu du Iridoyk, Hala, adinekoei, egoera zaila bizi duten familiei eta egoera zailak eta ahulak bizi dituztenei begirako gizarte laguntza poltsak 1.000.000 eurotan handitu nahi dute.
Amaitzeko, indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei zuzendutako laguntzak sortzea proposatu dute eta bestetik, Erosi eta Ikasi programaren partida handitzea.
«Ezin gara gutxieneko erabaki eta neurriekin konformatu, maximoetara joan behar dugu. Etor daitekeena aurreikusi eta hauei erantzun azkar bat eman behar diegu. Udalak ematen dituen aurrera pausoak eredugarriak izan behar dira, ez da inprobisatzeko garaia», esaldiarekin amaitu du gaurko agerraldia Iridoyk.