Pablo Salgado: «Dut taldea musika fenomeno bat izan zen soziala baino»
Dut musika taldearen ibilbidea hasieratik bukaerara arte errepasatu du egileak izen bereko liburuan. Haien doinu eta erritmoekin bide berri bat zabaltzea lortu zutela ziur dago Salgado.
2019ko azaroan ‘Dut’ izenpeko liburua argitara eman zenuen. Nola sortu zen proiektua?
Banizu Nizuke kolektibo kulturalaren parte naiz, kultur garaikidea hedatzeaz arduratzen gara, musika eta artea bereziki. Hainbat argitalpenen ondoren, joan den urtean Dut musika taldearen inguruko publikazio bat egitea erabaki genuen.
Zergatik Dut? Euskal Herrian musika egiteko ibilbide berri bat azaleratu zuen taldea izan zelako, 1990eko hamarkadan atzerriko doinuak gurera ekarri eta propio egin zituelako, euskaraz. 1980ko hamarkadatik gentozen eta garai hartan, beste genero batzuk egon arren, punk musika zen nagusi. Bat-batean, hamarkada bat geroago musikaren ezaugarriak aldatu egin ziren, tartean, euskara erabiltzen hasi ziren. Bide berri hori Negu Gorriak taldearen lehen diskoarekin edo Mikel Laboaren omenezko musika lanarekin argi ikusten dugu. Guretzako, Negu Gorriak-en diskoa oso esanguratsua da euskararen erabileraz gain, euskal kultura tradizionalaren berrikuspenari heltzen diolako. Testuinguru horretan talde mordoa sortu zen: EH Sukarra, Su Ta Gar, Lin Ton Taun…
Dut-ek guretzako Negu Gorriak bezain beste garrantzia dauka. Hardcore estiloarekin munduan gertatzen ari zena Euskal Herrira ekarri zuten, euskaraz eta gaurkotua. Garrantzitsuena da gainontzeko taldeek egiten zutena modu ezberdin batean egitea lortzen zuela Dut-ek. Izan ere, gainontzeko taldeek ideologia politikoa planfeto moduan zabaltzen zuten bitartean, testuinguru politikoa modu poetikoan lantzen zuen Dut-ek. Garai hartan gertatzen zenari buruz hitz egiten zuten, baita politikari buruz ere, baina oso modu sotilean.
1990eko hamarkadako gazte askorengan eragina izatera iritsi ziren, baita garai hartako Euskal Herriko musika taldeekin identifikatuta sentitzen ez zirenengana ere. Gurtza talde bat bihur tu zen pixkanaka.
Nondik zetorren poesia hori?
1990eko hamarkadan Irunek eta Hondarribiak eragin musikal nabaria zuten Euskal Herrian. Talde asko zeuden Irunen, eta bat-batean kolpe bat egon zen haien Hondarribian; bertan agertu ziren, besteak beste, Lif, Orgasmic Toothpicks, eta bereziki, Beti Mugan. Martxel Mariskalek idatzitako abestiek zeharo eragin zutela haiengan onartu zuten elkarrizketetan.
Nolakoa izan da liburua osatzeko prozesua?
Erosoa izan da. Lehen unetik taldekideekin harremanetan jarri nintzen, eta haiei ere ondo iruditu zitzaien. Grabagailu batekin euren istorioa eta bizipenak jaso nahi nituela esan nien. Hainbatean bildu ginen azkenean, eta pixkanaka istorioa osatzen joan ginen beraiek ez zeukatelako oso argi gertaeren kokapena, datak… Taldekide guztien artean joan ziren memoria egiten, eta nik pixkanaka informazioa bildu nuen. Oso ondo egon da, eta atsegina izan da. Liburuak bi helburu ditu: batetik, taldearen ibilbidea kontatzea, eta bestetik, garai hartan musikaren munduan murgilduta zeuden euskal profesionalei erreferentzia egitea.
Taldearen historiari erreparatuta, mugarri bat ezarri zutela esango zenuke?
Bai, zalantzarik gabe. Nik uste dut joera bat sortu zutela, batez ere, musikazaleentzat. Hau da, Dut musika fenomeno bat izan zen fenomeno soziala baino. EH Sukarra, Su Ta Gar eta beste hainbat taldek osagai soziala zuten, musikazale izan ez arren jendea kontzertuetara joaten zen. Dut-ek jendea elkartzen zuen, musika entzutea maite zuen jendea hain zuzen.
Nolakoak dira Dut-en diskoak?
Taldearen diskoetako bakoitza proiektu bat dela esango nuke, eta horrek taldearen ibilbidea zehazten du. Hasieran bost ziren: Galder Izagirre, Xabi Strubell eta Joseba Poncez gain, Eneko Garaialde eta Manex Martinez zeuden. Hardcore eta hip -hoparen arteko nahasketari helduta hasi ziren musika egiten 1990eko hamarkadan. Anthrax taldeak eta Public Enemy-k garai hartan elkarrekin egindako kantak aurrekaria ezarri zuen, eta Negu Gorriak taldeak ere baliatu zuen sorkuntza berri hori. Dut-ek ere bat egin zuen joera horrekin, baina horrez gain, Manexen [Martinez] abesteko moduak ezaugarritu zuen lehen lan hura. Kaki Arkarazorekin grabatu zuten, eta gainera scratch oinarri batzuk ere zituen. Lehen aldiz soinu hori entzun nuenean belarriak lehertu behar zitzaizkidala pentsatu nuen.
Moskuko Depor tabernan eman zuten lehen kontzertua, eta bertan ikusi zituen Fermin Muguruzak lehenengoz. Babestu egin zituen Muguruzak hasieratik. Esan Ozenki zigiluarekin disko bat grabatzea proposatu zien , eta horren ondoren, kontzertuak ematen hasi ziren. Negu Gorriak-ek Parisen eskainitako kontzertu batean hasierako talde gisa aritzea lortu zuen Dut-ek, eta bira hori bukatzean Garaialdek eta Martinezek taldea uztea erabaki zuten; lehenak era ludiko batean jo nahi zuelako eta ez hain serio, eta bigarrenak itsasoratu beharra zuelako.
Gitar jolea eta abeslaria galdu ondoren, zer egin jakin gabe krisian sartu ziren beste hiru taldekideak. Hala eta guztiz ere, 1996ko udan aurrera egiteko erabakia hartu zuten. Harrezkero egunero entseatzen hasi ziren, eta horren emaitza izan zen taldearen bigarren lana: At. Niretzako, maila musikala igo zuten lan horrekin, gauza berriak ere egin zituzten, esaterako, abesteko modua. Ahotsa erabat aldatu zen, batzuek ez zuten aldaketa gustuko izan, eta kritikatu zuten taldearen disko berria, baina haien apustua izan zen eta nire barrenean uste dut ondo egina zegoela, gerora, talde ezberdinek forma hori bera errepikatu egin dutelako. Disko horrekin Europan zehar bira bat egin zuten, Kuban ere kontzertu batzuk eman zituzten.
Kubara alde egin aurretik, hala ere, Fermin Muguruzak kolaborazio bat eskaini zion Dut-i. Izan ere, Txileko ekoiztetxe batek Muguruza gonbidatu zuen kolaborazio bat egitera Victor Jararen hilketaren harira, eta kolaborazioa Dut-ekin egitea erabaki zuen. Hori bukatuta Kubara joan ziren hondarribiarrak, eta bira amaitzean eskaini zien Muguruzak disko bat elkarrekin grabatzea.
Horrela sortu zen Fermin Muguruzak eta Dut-ek grabatutako musika lana?
Bai, ezkutuan hasi ziren diskoa prestatzen Irungo hangar batean, inork jakin ez zezan elkarrekin kolaboratzen ari zirela. Negu Gorriak utzi berri zuen Muguruzak eta denek galdetzen zioten ea zer egin behar zuen ondoren.
Ireki ateak diskoarekin beste maila batera igarotzea lortu zuten. Abangoardia diskoa da, non jungle eta drum and bass soinuak lantzen hasi ziren. Europan egiten ziren soinurik modernoenak jorratu zituzten disko horretan, pentsa, Asian Dub Foundation-en RAFI diskoan agertzen ziren soinuak zirela.
Musikaren eboluzioa antzeman daiteke?
Bai, kristorena. Baina hala ere, disko hori ez zen publikoaren oso gustukoa izan, eta kritika ugari jaso zituen elektronika eta dantza erritmoak uztartzen zituelako.
Urtebete baino gehiago eman zuten mundu mailako bira bat egiten Muguruzarekin Europan, Hego eta Ipar Amerikan… Kontzertu sortaren ondoren, urtebeteko atsedena hartu zuten Dut-eko kideek, baina azkenean, itzultzea erabaki eta azken disko berri bat kaleratu zuten: Askatu korapiloa. Musika lana honek maila gorena jotzen du nire ustez, haien buruetan zuten Dut soinua azaleratzea lortu zuten.
Zein hitz erabiliko zenuke Dut musika taldea definitzeko?
Zintzotasuna izango litzateke hitz horietako bat, uste dudalako ez direla eurek egindako lanarekin oso zintzoak izan, ez zuten behar beste baloratu. Eta erabiliko nuen beste hitz bat desastre izango litzateke, inoiz ez dutelako marketina zaindu, areago, inoiz ez dute bideoklip bat grabatu, ezta kazetariekin elkarrizketarik eman edo manager bat izan ere. Horrek kontzertu gutxi ematea suposatu die. Izan ere, euren lana aitortuta dago nazioartean Estatuan bezain beste, baina hemen ez. Zintzotasun horrek musikan zentratzera eramaten zituen, eta azkenean, gurtza musika talde bat bilakatu zen. Oso errespetatua den talde bat da, eta bereziki harrituta nago zenbat gaztek agertu duten liburuarekiko interesa. Nik uste nuen nire nerabezaroko oroitzapen batengatik egiten nuela, eta beraz, ni bezala, garaiko jendeari liburua gustatuko zitzaiola suposatzen nuen, baina egia esan, Dut ikusi ezin izan zuten gaur egungo gazteak dira liburua bereziki maite dutenak.
Dut-en zalea zinen?
Ni musikazalea naiz, eta Dut gustukoa nuen. Euskal musikari kalitate maila handia eskatzen nion; Negu Gorriak-ek, adibidez, belarriak erabat ireki zizkigun. 1980ko hamarkadako musika ere gustatzen zitzaidan, baina onartu behar dut Dut ezberdina izan zela, eta gainera, ekarpen garrantzitsua egiten zuela, alegia, euskal musikaren munduan bide berri bat irekitzea lortu zuen.
- Izenburua. DUT
- Testua, diseinua eta maketa. Pablo Salgado Mendez.
- Itzulpena. Xabi Strubell.
- Zuzenketak. Aritz Galarraga.
- Argazkiak. Gari Garaialde.
- Aitzinsolasa. Gorka Erostarbe.
- Argitaletxea. Banizu Nizuke.