Merkatariei zuzendutako ikastaroa antolatu du udalak astelehenerako
'Prestatu zure denda berriz irekitzeko' izenburupeko webinarra eskainiko du Celestino Martinez marketinean adituak.
Hondarribiko merkatariei zuzendutako Prestatu zure denda berriz irekitzeko izenpeko ikastaro digitala antolatu du udalak astelehenerako, 17:30ean. Retail edo saltoki barruko marketinean aditua den Celestino Martinezek izango du webinarra garatzeko ardura.
Maria Serrano Sustapen Ekonomiko eta Merkataritza zinegotziak emandako azalpenen arabera, “konfinamenduaren amaieraren zain gauden bitartean, datozen hilabeteetan aurre egin beharko diogun krisiaren tamainari buruzko aurreikuspenak iristen ari dira”.
Zentzu horretan, bezeroak berreskuratzeko eta saltokiak egokitzeko lanean ari direla merkatariak azaldu du Serranok, baina onartu duenez, “erreferenterik gabe, zaila da normaltasun berri hori nolakoa izango den aurreratzea eta ibilbide orri bat eraikitzea”.
Ikastaroa lagungarria izan daitekeela uste dute antolatzaileek, eta besteak beste, erronkei aurre egiteko teknikak, zein hobekuntza ekintzak diseinatzeko gakoak eta gomendioak landuko dituzte interesdunek Martinezen eskutik. Izen ematea Bidasoa Bizirik-en webgunean egin behar dutela interesdunek gaineratu du.