Kultur agenda berreskuratzeko dinamika berria martxan jarri du udalak
Asteburura begira publiko ezberdinari zuzendutako ikus-entzunezko edukia emango du Hondarribiko Udalak bere webgunean eta sare sozialetan.
Kultur agendari berriz ere heldu nahi dio Hondarribiko Udalak, eta online dinamika berria abiatzea erabaki du horretarako. Ostiralero, larunbatero eta igandero, arratsaldeko 18:30ean, ikus-entzunezko eduki ezberdina zabalduko du bere webgunean eta sare sozialetan -Facebook eta Twitter-, baina egun bakoitzean publiko ezberdin bati zuzenduta egongo da.
Ostiralak herritar orori zuzenduta egongo dira eta beraz, diziplina ezberdinak ikusteko aukera egongo da, hala nola, dantza, antzerkia edota musika. Haurren eta familien entretenimendurako unea larunbatean izango da, eta Hondarribiko Liburutegiko arduradunen laguntzarekin ipuin kontaketak eta antzeko edukiak zabalduko dira. Igandeak tokiko artistentzat, merkatarientzat eta ostalarientzat izango dira eta haientzako interesgarriak diren edukiak partekatu ahal izango dituzte.
Hori horrela, gaur izango da lehen hitzordua, eta hil honetan egitekoa zen Gitarra Jaialdiari tartetxo hori eskaintzea erabaki du Kultura departamentuak. Hala, Carles Ponse jaialdiko zuzendariaren emanaldia ikusteko aukera izango da. Bihar, Maite Franco ipuin kontalariaren txanda iritsiko da eta Gianni Rodariren Inora ez zihoan bidea irakurriko du. Etzi, SantaMariaMadalena arte tailerreko kideen esku egongo da kultur emanaldia.