Emakumeentzako ahalduntze eskolaren ikastaroak etxetik ematen hasiko dira
Hilaren 20tik aurrera adimen emozionalaren inguruko saioak eskainiko dituzte (ekainaren 17ra bitarte) eta ekainaren 2tik 11ra berriz, sexu ahalduntzeari buruzkoak. Guztiak, online bidez izango dira.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, emakumeentzako ahalduntze eskolaren ikastaroak etxetik emango dituzte. Zehazki, hilaren 20tik aurrera adimen emozionalaren inguruko saioak eskainiko dituzte (ekainaren 17ra bitarte) eta ekainaren 2tik 11ra berriz, sexu ahalduntzeari buruzkoak.
«Nahiz eta konfinamendu egoeran egon, zerbitzu hau teknologia berrien bidez ematen jarraitu nahi dugu. Are gehiago, inoiz baino beharrezkoagoa izan daiteke; izan ere, gogorarazi behar da ekimen honen helburua dela emakumeei baliabide baliagarriak ematea eguneroko bizitzan sortzen diren eta gainditzen lagundu nahi dugun ezbeharrei aurre egiteko», adierazi du Rebeca Gonzalez Berdintasun saileko ordezkariak.
Ikastaroetan, ondorengo edukiak landuko dituzte: komunikazio eta austoestimu estiloak, komunikatzeko oztopoak nola saihestu, kritikak nola egin eta jaso, errudun sentitu gabe ezetz esaten ikasi, haserreak eta desadostasunak nola ulertu eta bideratu, emozioak eta estresaren kontrola…
Adimen emozionalaren gaineko ikastaroak asteazkenetan izango dira, 17:3tik 19:30tara, Jitsi Meet aplikazioaren bitartez. Sexu ahalduntzearen ingurukoak berriz, astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 17:30tik 19:30tara, Zoom aplikazioarekin.
Ikastaro batean ala bestean izena emateko interesa duten emakumeek webgune honetara jo beharko dute; hilaren 17a izango da apuntatzeko azken eguna.