Guadalupeko bunkerretara bisita birtuala prestatu du Arma Plaza fundazioak
1945 eta 1946 urte artean Pirinioen defentsa lerroa osatzeko Franco diktadoreak eraikitako 50 bunker dira modu honetan bisita daitezkeenak.
Guadalupeko gotorlekura proposatutako bisitaren ondotik eta herriko eskulturen errepasoari segida emanez, 245 Erresistentzia Gunea, hau da, Guadalupe inguruko bunkerrak hobeto ezagutzeko parada eskaini du oraingoan Arma Plaza fundazioak.
Zabaldutako informazioaren arabera, 1945 eta 1946 urte artean eraikitako 50 bunker dira Guadaluperen inguruetan daudenak. Franco diktadoreak martxan jarritako Pirinioen defentsa lerroa (P Lerroa) osatzen dute bunker horiek. Juan Luis Silanes fundazioko presidenteordea eta udaleko Kultura zinegotziak gaineratu duenez, “Hondarribiko udal mugen barruan dauden bunker guztien zati txiki bat baino ez dira”.
Hala, bisita birtual baten bitartez hormigoi eta altzairuzko metro baten atzean ezkutatuta dagoena etxetik deskubritzera animatu ditu Silanesek herritarrak. Eta etxetik egin behar dela nabarmendu du, eta bunker horietara ez hurbiltzeko eskaria helarazi die hondarribiarrei: “Asko jabetza pribatuetan kokatuta daude, beste batzuk sarbide arriskutsuak dituzte, eta beste batzuk lokalitzatzea zaila da lurrez estalita daudelako”.