Aholkularitza zerbitzu telematikoa eskainiko du Gure Moradak
Irundarrei eta bereziki zaurgarrienei informazio zerbitzua eskainiko diete. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak abian jarritako neurri ekonomikoen inguruan informatzea da asmoa.
Irungo Gure Morada elkarte soziokulturalak gizarte informazioko zerbitzu berria jarriko du martxan datorren astelehenean (hilak 11). Larrialdi egoerak iraun bitartean irundarrei aholkularitza eskainiko diete; herritarrei, eta bereziki kolektibo ahulenei lagundu eta Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak abian jarri dituzten neurri ekonomikoen inguruan informatzea da zerbitzuaren helburu nagusia.
«Gure ustez, gizarte-informazioko zentro hau sortzea lagungarria izan daiteke une honetan gure hiriko pertsona eta kolektibo ahulenentzat eta babesgabeentzat; izan ere, haiek izaten baitituzte arazorik handienak beren eskubide berriak ezagutzeko eta eskuratzeko, baita haien ahotsa entzunarazteko ere», diote elkarteko kideek.
Beraz, astelehenetik aurrera, 626 195 209 telefono zenbakian (Whatsapp bidez) edota helbide honetan zalantza guztiak argituko dituzte. Era berean, osasun egoerak ahalbidetu bezain laster, Izaga kaleko 9. zenbakiko lokalean ere aholkularitza saioak egingo dituztela iragarri dute elkartekoek.
Coworking gune berria
Aholkularitza zerbitzuaz gain, elkartearen lokalean coworking moduko gune bat eskaintzeko lanean hasi dira jada, «alokairua ordaindu ezin dutelako lokalak itxi behar izan dituzten autonomo edo enpresa txiki guztientzat». Bertan lan egiteko interesa dutenak aipatutako telefono zenbakiaren edota helbidearen bitartez haiekin harremanetan jartzeko aukera dute.