COVID-19ari aurre egiteko neurri gisa bizikletaren alde egitera deitu du Balaztak
Gizartearen mugikortasuna era seguruan bermatzeko modua dela adierazi du elkarteak, eta Irungo eta Hondarribiko udalei neurriak hartzeko galdegin die.
COVID-19 birusak eragindako larrialdi egoeraren aurrean, segurtasun distantziak bermatu ahal izateko bizikletaren alde egitera deitu du Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak. Gizartearen mugikortasuna “era seguruan” bermatzea da Balaztaren helburua eta horretarako, “presazko baliabideak” martxan jartzeko eskatu die Hondarribiko eta Irungo udalei.
Oinezkoei eta bizikletei lehentasuna ematen dien proposamen landu bat plazaratu du gaur Balaztak. Izan ere, larrialdi egoeraren ondotik krisi ekonomikoa eta soziala iritsiko dela sinetsita dago, eta beraz, “garraio mota merke eta eskuragarriak” beharrezkoak izango direla iritzi dio: “Berebiziko garrantzia izango du garraio publikoak eta bereziki, mugikortasun aktiboak”.
Hala ere, garraio publikoa erabiltzeko gaur egun indarrean dauden baldintzak medio, herritarrek ibilgailu propioa erabiltzera jo dezaketela uste dute elkarteko kideek. Are gehiago, bizikleta errepidean erabiltzeko beldur direnak ez dutela aukera hau kontuan hartuko ohartarazi du, zuzenean motorra edo auto propioa erabiliz. Hortaz, “bide seguruak bultzatu eta zabaltzea” ezinbestekoa ikusten du elkarteak.
Egoera aztertu eta hainbat proposamen egin ditu elkarteak argitaratutako dokumentuan. Proposatutako neurrien gaineko balorazioa ezagutzeko bilera telematiko bat egiteko eskaria helarazi die Bidasoko udalei.
Bertan irakur daiteke Balazta elkartearen proposamena bere osotasunean.