Mugikortasun politika «ausart eta arduratsuak» eskatu ditu EH Bilduk
Urteetan ibilgailuei utzitako zenbait espazio oinezko eta txirrindularientzat berreskuratzea eta garraio publikoa sustatzea beharrezkotzat jo ditu taldeak.
Joan den larunbatetik, Irungo herritarrek gogoz hartu dituzte berriz ere kaleak. Hiriko kale eta bidegorriak jendez bete dira, paseatu edota kirola egiteko. Egoera berri honen aurrean, Irungo EH Bilduk mugikortasun eraginkorraren aldeko apustua egitearen beharra nabarmendu du, hedabideei bidalitako ohar batean. «Hausnarketarako garai honen ondorioz, politika ausartak eta arduratsuak bultzatu behar dira arlo askotan, eta horietako bat, zalantzarik gabe, mugikortasunarena da», diote koalizio subiranistatik.
Lehenik, urteetan ibilgailuei utzitako zenbait espazio oinezko eta txirrindularientzat berreskuratzea eta garraio publikoa sustatzea beharrezkotzat jo ditu taldeak. Bide batez, udalak hiriko erdiguneko errepideetan ezarritako 30 kilometro orduko gehienezko abiaduraren erabakia nahikoa ez dela salatu dute. «Gure hiriaren egungo diseinua aldatu behar dugu, txirrindularientzako espazio seguru gehiago emanez, oinezkoei kalterik eragin gabe».
Era berean, bizikletak alokatzeko zerbitzu publiko bat ezartzeko «historikoki» koalizioak egin duen eskaeratik harago, bidegorrien sarea hobetu eta indartzeko beharra nabarmendu dute. Ondorengo proposamenak egin dituzte: kale batzuk oinezkoentzat egitea, familia guztiek bizikleta bat izateko aukera bermatzea (horretarako diru laguntza osagarriak diseinatuz), aparkaleku seguruak jartzea eta merkataritzan zein udal zerbitzuetan ziklologia zerbitzuak bultzatzea. «Hauek guztiak, Irun atseginagoa lortzeko bideratutako proposamenak dira».
Pedagogiaren garrantziaz ere aritu dira EH Bilduko kideak, eta funtsezkotzat jo dituzte Bide Heziketa bezalako proiektuak. Bizikletan ibiltzen irakasteaz harago, gidarientzat ere baliagarria dela diote, arriskutsuak izan daitezkeen jarrerak zuzentzeko baliagarria izango dela. «Ez dugu lortuko Irun jasangarri bat mugikortasun-neurriekin bakarrik. Mugikortasunaz ari gara, bai, baina baita ingurumenaz, garapen iraunkorraz… ere», gehitu dute.