Hiriko zenbait kale oinezkoek erabiltzea proposatu du Elkarrekin Podemosek
Taldeak salatu du azken egunotan herritarrek paseatu eta kirola egiteko eremu gutxi izan dituztela hirian, bereziki oinezkoentzako. Desekalatzerako ezarritako neurriak «beste askorekin» osatzeko premia nabarmendu dute.
Irungo Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldearen arabera, azken egunotan herritarrek paseatu eta kirola egiteko eremu gutxi izan dituzte hirian, bereziki oinezkoentzako. Desekalatzerako ezarritako neurriak «beste askorekin» osatzeko premia nabarmendu dute, «biztanleen osasuna bermatzeko eta gaixotasunaren edozein birsortze saihesteko». Horregatik, proposamen zuzena bidali diote udal gobernuari.
Deseskalatzeak iraun bitartean, hiriko zenbait kale oinezkoentzako egokitzea proposatu dute, besteak beste, Kolon pasealekua edota Ibarlako errepidea. Horretarako, motordun ibilgailuen murrizketa proposatu dute hiriko kale nagusietan eta paseatzeko eremuen alboko kaleetan. Erabaki hori jende gehien dagoen orduetan egitea proposatu dute, hau da, 8:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara. «Azken batean, modu horretan pertsonen artean segurtasun-distantzia mantentzeko aukera gehiago emango direla pentsatzen dugu».