Ezohiko neurriak eta laguntzak martxan jarri ditu Txinzerrek
Familia zaurgarriak, mikroenpresak eta langile autonomoak laguntzeko salbuespen neurri sorta onartu du Txingudiko Zerbitzuen Mankomunitateak.
Larrialdi egoeraren ondorioz zailtasun ekonomikoak dituzten familiak, mikroenpresak eta langile autonomoak laguntzeko neurri sorta onartu du Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateak. Aho batez onartu dituzte neurriak, eta herritarren “premiei” erantzutea dela helburua zehaztu dute Txinzerreko arduradunek.
Jose Antonio Santano Irungo alkteak eta mankomunitateko presidenteak adierazi duenez, bi helburu nagusi bete nahi dituzte neurriekin: Batetik, “uraren edo zaborraren faktura ordaintzeko zailtasunak dituzten familia guztiek dagokien laguntza jasotzea”, eta bestetik, “jarduera eten behar izan duten edo fakturazioa %75 murriztuta ikusi duten negozioei salbuespen bat aplikatzea”,.
Salbuespen neurriak indarrean sartzeko prozedura juridiko bat jarraitu behar dutela zehaztu du, halaber, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkate eta Txinzerreko presidenteordeak, eta beraz, uztailaren 1era arte itxoin beharko dutela interesdunek jakinarazi du.
Horrez gain, Hondarribiko eta Irungo herritar guztiek ur-hornidura bermatuta dutela gaineratu dute agintariek. Eta edukiontzi marroiaren kasun, erabileraren araberako hobariak eskuratzeko erraztasunak erabaki dituztela erantsi dute.
Hori horrela, neurri guztien, aurkeztu beharreko dokumentuen, egutegiaren eta gainontzeko zehaztapenen gaineko informazioa behar duten interesdunek Txingudiko Zerbitzuen webgunera edo 900 119 384 doako telefonora jo dezaketela adierazi dute.